Enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute Eako eta Gernika-Lumoko bost enpresak
Eako Egoin eta Gernika-Lumoko LGK, Zubialde okindegia, Transportes Y Logistica Carmelo eta Electroinamanes de accionamiento NAFSA enpresei eman diete Hazinnova akreditazioa gaur.
Hazinnova programari esker euren berrikuntza-proiektua “arrakastaz ezarri duten” Bizkaiko 37 enpresak enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute gaur, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik, Zornotzan egin duten ekitaldian. Horien artean daude eskualdeko bost hauek: Eako Egoin eta Gernika-Lumoko LGK, Zubialde okindegia, Transportes Y Logistica Carmelo eta Electroinamanes de accionamiento NAFSA.
Hazinnovak doako aholkularitza-zerbitzua eskaintzen die Euskadiko ETEei berrikuntza ez teknologikoari buruz, “lehiakorragoak izan daitezen”. Hala, ziurtagiria jaso duten enpresa horiek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko.
Zornotzako Zelaieta zentroko auditorioan egindako ekitaldian izan dira Aitor Urzelai, SPRI taldeko zuzendari nagusia eta Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia, eta berrikuntzako mikro-proiektuen ezarpen-prozesuan laguntzaile izan dituzten sareko eragileen ordezkariak, tartean, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenekoak. “Zornotzako jardunaldia EAEko hainbat herritan egiten diren bost topaketen parte da, enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egiten duten ahalegina aitortzeko”.
Gaur ziurtagiria jaso duten ETEek 48 proiektu gauzatu dituzte Hazinnova programaren 2021eko deialdian. Proiektu horien bidez berrikuntzak lortu dituzte produktuan eta negozio-prozesuetan, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan.
Bestalde, aurreratu dute urriaren 27an Bizkaiko beste 74 enpresak jasoko dute Hazinnova akreditazioa, Bizkaiko Parke Teknologikoaren Auditorioan, Zamudion, eta aurreratu dutenez, horien artean ere Busturialdeko hainbat egongo dira.
2021eko edizioan 209 euskal enpresak parte hartu dute Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako programa honetan, eta jakinarazi dute 2021eko deialdian programa honek 2.300.000 euroko aurrekontua izan duela eta aurtengo edizioan, 2.760.000 eurokoa izango duela: “2022 deialdiaren laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da abenduaren 1era arte”.