Mauriziatarrak gogoratu dituzte Ibarruriko Dantzari Egunean
Ibarruriko Dantzari Eguna ospatu zuten zapatuan (urriak 15). Aupa Maurizia izan da aurten Basotxoritxu Dantza Taldekoek aukeratu duten gaia. Berari eta haren atzetik, plazarik plaza, panderojole zein soinujole aritu diren andra guztiak omendu zituzten: “Aupa Maurizia, eta aupa mauriziatarrak!”
Maurizia Aldeiturriaga 1904an jaio zen Zeberion, eta azpimarratu zuten euskal kulturak “eman duen izenik apurtzaileenetakoa” dela. “Andrak plazan ibiltzea oraindiƱo oso txarto ikusita egon zen arren, bera izan zen plazan agertu zen lehenengo panderojole emakumea. Leonegaz ibiltzen zen sarri plazan; Leonek alboka jotzen zuen eta berak panderoa. Mauriziak panderoa jotzen zebilela bere buruari esaten zion Aupa Maurizia!”. Hortik dator, beraz, gaur egun, horren ezaguna den adierazpena: “Soinujoleek ez zuten beretzat aupadarik esaten, baina, horrek ez zuen kikildu, eta aurrera segitu zuen”.
Gaur egungo eta lehenagoko dantzariak batu ziren Ibarruriko frontoian, eta alkarregaz hasi zuten ekitaldia, Agintariena eta Banangoa dantzatuz. Ondoren, oraina eta iragana batu zituzten, euskal dantza tradizionalak eta dantzari gazteek eurek sortutako koreografiak uztartuta. Jota zaharra, Arratiako jota, Ingurutxo, Atxolarra, Aupa Maurizia… dantzatu zituzten, horietako batzuk, herriko abesbatzaren laguntzagaz.
Mauriziaren presentziak “munduari buelta” eman ziola esan zuten, andrak ikusten egotetik plazan parte hartzera pasatu ziren: “Eta horren eredu ikusgarriena da gaur hemen ikusi duguna”.
90eko hamarkadan egondako emakume trikitilarien “goraldia” ere gogoratu zuten: Maixa eta Itziar, Alaitz eta Maider, Amaia eta Kristina… “Horiek soinua, porrusalda, arin-arina… hartu eta beste buelta bat eman zieten trikitixa munduari; trikiti doinuekin beste gauza asko egin ahal direla ikusi genuen. Doinu desberdinak sortu zituzten, batzuk gogorrak, beste batzuk bigunak”. Goraldi horren ostean, emakume trikitilariak “apur bat isildu” ziren, baina, azkenaldian, “berriro entzuten hasi dira”. Horren adibide da Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok osatzen duten Amak taldea.
Dantzaldia amaituta, Tor magoaren ikuskizunaren txanda izan zen, eta egun handia borobiltzeko, kantuan eta dantzan jarraitu zuten gauerdira arte, Luhartzen erromeriagaz.