Hondarraren artea eta magia
Artistek magia egiten dute askotan, eta ume zein helduak magiak bezainbat txundituta geratzen dira horiek sortutako artelanak behatzean. Oraingoan, umeek eurek sortu dute magia. Kokodriloa, izurdea, dortoka, sagua… Eako Aritza hondartza hondarrezko animalia biziekin dotoretu zuten, zapatu arratsaldean.
Andoni Bastarrika artista azpeitiarrak tailerra eskaini zuen, eta gustura aritu ziren bertaratutakoak. Euskal Herriko hondartzetan ezagunak dira berak sortzen dituen tamaina handiko eskultura errealistak. Harrigarriak bezain ederrak dira bere lanak, eta bere jakintza partekatu zuen eatarrekin. Berak esan bezala, pasientzia giltzarria da halako sorkuntzetarako, eta umeek pasientzia mantentzea ez da erraza, azkar egin gura izaten dutelako. Irudiei mugimendua ematearen garrantzia nabarmendu zuen Bastarrikak, mugimenduk bizia ematen dietelako.