Euskararen erabileraren kale neurketako emaitzak aurkeztuko dituzte
Soziolinguistika Klusterrak iaz Bermeon egindako kale neurketaren datuak aurkeztuko ditu, barikuan, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean.
Duela bost urte egin modura, Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren kale neurketa egin du Bermeon, eta azterketa horren emaitzak ezagutzera emango dituzte barikuan (urriak 21). Soziolinguistika Klusterreko teknikari Belen Urangak aurkeztuko ditu emaitzak Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan, 18:00etan hasita.
Bost urtean behin egiten da kale neurketa, eta epe luze batean euskarak duen bilakaera ezagutzeko aukera ematen duela diote. Izan ere, 1989. urtean egin zuten lehenengoz kale neurketa, ordutik, zortzi alditan neurtu da. Azkena, 2021an egin zen, eta orduko datuak aurkeztuko dituzte barikuan.
Azaldu dutenez, kalean erabiltzen den hizkuntza entzutea eta neurtzea euskararen erabileraren neurria ezagutzeko “tresna garrantzitsua” da, erabilera hobetzeko neurrien gainean hausnartzeko aukera ematen duelako.
Metodologia zein den ere gogorarazi dute. Hala, kalean egiten den neurketa entzunez egiten da, inori ezer galdetu barik, neurtzaileak hainbat ibilbidetan eta ordu desberdinetan entzuten duena jasotzen du eta datuak adinaren arabera jasotzen ditu, baita ere generoaren arabera. Umeak aurrean daudenean zer hizkuntza erabiltzen den ere kontuan hartzen dute neurtzaileek.
Datu eta hausnarketa horien guztien berri jaso gura duenak, hortaz, barikuan izango du horretarako aukera.
2016ko datuak “pozgarriak ez zirela” esan zuen orduan Soziolinguistika Klusterreko teknikari Belen Urangak, “arretaz hartzekoak” zirela gaineratuta. Bermeoko Udalak orduko datuen balorazioa egin zuen, eta euskararen erabilerari buelta ematea “gizartearen ardura” zela esan zuen garai hartan euskara zinegotzi zen Juan Karlos Agirrek.