Zapalkuntzak salatzen
Herri Babesarearen biran Eara hurbildu dira Kolonbiako Congreso de los Pueblos eta Guatemalako Codeca herri mugimenduetako ordezkariak, euren errealitatea bertatik bertara kontatzeko.
Euren herrialdeetan euren eskubideak defendatzeagatik eta aldarrikatzeagatik bizi duten zapalkuntza kontatzera eta salatzera etorri dira Colombiako Congreso de los Pueblos eta Guatemalako Codeca herri mugimenduetako ordezkariak Euskal Herrira.
Herri Babesarearen biraren barruan egin dute erronda, eta Ean egon ziren eguen arratsaldean. Normalean, biretan Mexikoko, Guatemalako, Hondurasko, Kolonbiako, Saharako eta Palestinako ordezkariak egoten direla azaldu du Fernando Vaquerizo Herri Babesareako kideak. Euren errealitatea ezagutzera emateko, oihartzuna emateko lanean dihardu giza-eskubideen defentsarako udalen sarea den Herri Babesareak–Ea sorreratik dago–. Hamar udalerrik osatzen duten sarearen aniztasuna azpimarratu du Vaquerizok: «Udal horietan alderdi politiko desberdinak daude agintean, eta populazio aldetik ere aniztasuna dago. Giza eskubideen defentsa pre-politikoa dela uste dugu, oinarrizkoa delako, politikaren aurretik egon beharrekoa da. Badirudi sarean hori lortzen ari garela espazio interesgarrietan».
Eako udal ordezkariek babesa agertu, eta bisita eskertu diete: «Halako sareak ikusarazteko eta ezagutarazteko gaude, eta oso garrantzitsua da komunikabideetan ere presentzia edukitzea».
Fernando Vaquerizo – Herri Babesarea: “Giza eskubideen defentsa pre-politikoa dela uste dugu, oinarrizkoa delako”
1992ko ekainean sortutako Codecako (Comite de desarrollo campesino) kide da Blanca Julia Ajtun. Giza zein ama lurraren eskubideak defendatzeko ateratzen dira kalera: «Transnazionalek eta gobernuak lurra ustiatu beharreko merkantzia moduan hartu dute, ez zaie inporta. Ama lurra guretzat bizia da». Lurraren eskubideak berreskuratu gura dituzte eskubideen subjektu izateko eta ez objektua.
Estatuarengandik errepresioa jasaten dutela salatu du: «Kalera ateratzen garenean, gure zergekin ordaintzen dugun polizia gu zapaltzera irteten da. 2018tik 24 kide hil dituzte, eta inor ez dute kondenatu. Inpunitatea daukate, justizia estatuaren menpe dagoelako, eta enpresek epaileak erosten dituzte. Legea betearazi gura duten epaileak eta fiskalak kriminalizatuak izaten dira».
Blanca Julia Ajtun – Codeca (Guatemala): “Herrialde matxista eta arrazista da, eta estatuak ez gaitu ordezkatzen”
Energia elektrikoen kontrako borrokan eta erresistentzian lider izateagatik 2014an bahitu eta kartzelaratu zuten Ajtun–93 egun egon zen–: «Epaileak delitua onartzeko esan zigun, fidantzapean kartzelatik irteteko. Ez genuen onartu, ez genuelako deliturik egin. Errugabetasuna frogatzea lortu genuen. Kanpoko presioa giltzarria izan zen; jendearen eguneroko protestek eragina eduki zuten, eta nazioartean ere salatu zen, Nazio Batuen Erakundearen babesa izan genuen».
Emakumeen ahalduntzea da Codecakoen lan-esparruetako bat: «Emakume mayak oso kriminalizatuak izan gara. Beldurra galtzeko eta komunitatearen esparru ezberdinetan euren parte hartzea bultzatzeko lan egiten dugu». Kultunariztasuna ere jorratzen dute: «Guatemalan 23 herri maya daude. Gure kulturak galtzen joan dira, ez gure erruz, sistemak inposatzen digulako izan da». Kontatu du umeak euren hizkuntzan hitz egiteagatik zigortzen dituztela. Herrialde «matxista eta arrazista» dela dio: «Batzuetan gure nortasuna albo batera utzi behar dugu, gizartearen parte izateko. Estatuak ez gaitu ordezkatzen; gehiengo handi batek ez dauka estaturik. Boteredun zirkuluarena da estatua».
Bizikidetza ere lantzen dute: «36 urteko gerra egon da, eta kide askok ez dituzte ejerzitoak hildako senideen gorpuzkiak errekuperatu. 2017tik horiek topatzeko lanean gabiltza. Kriminalizazioz, jazarpenez, espetxeratzeez eta erailketez betetako 30 urte dira. Bake-akordioak paperetan baino ez daude, praktikan gobernu bakar batek ere ez ditu errespetatu 12 akordioak».
Pribatizatuta dauden zerbitzu publikoak errekuperatzeko eta defendatzeko lanean dabiltza: «Abenduan 26 urte beteko dira bake-akordioak sinatu zirenetik. Orduan, gobernua zenbait zerbitzu pribatizatzen hasi zen, enpresa transnazionalen mesedetan: errepideak, telefonia, obra publikoak, energia elektrikoa…» Aberastasun handiko herrialdean jaio zirela esan du, baina «pobretu» egin dituztela, «dena lapurtu» dietelako: «Geratzen zaigun apurra defendatzea da gure lana. Transnazionalak dena kentzera datoz eta estatua konplizea da».
Adibidez, hidroelektriken inguruko herrietan argirik barik daudela kontatu du: «Gure zergekin energia elektrikoa sortzen bada ere, ez dugu zerbitzuaz gozatzen, kanpora doa. Ikerketen arabera, urtean, 350 millioi dolarreko irabaziak, eta sasienpresak dituzte zergak ez ordaintzeko. Gobernuak 88-90 milioi ketzaleko subsidioa ematen die hilean».
Lanbide batzuetan gizonei ezartzen dieten eguneko gutxieneko jarduna betetzeko, emazteen eta semeen laguntza behar dutela azaldu du: «Eta, adibidez, bananondoetan dabiltzanak 03:00etan etxetik atera eta 22:00etan heltzen dira». Dioenez, azukre-kanabera eta afrikar-palmaren ekoizpenek lursail gehienak hartu dituzte. Lur emankorrenak hegoaldeko kostaldean daude, eta nekazariek jorratuz gero, urtean hirutan uzta jasoko luketela zehaztu du, baina, lur horiek monolaborantzarako dira: «Monolaborantzek ibaiak bahitzen eta kutsatzen dituzte, ez dago arrainik. Ibaiak bizia dira komunitateentzat. Ez daukagu lantzeko lurrik, finketan hileetako lana baino ez dago, eta ez da gutxieneko soldata ordaintzen. Horien administrariek bi zerrenda dituzte, lan-ikuskaritzari erakustekoa eta erreala, miseriazko soldatak ageri direna. Batzuek egunean 30-35 ketzal irabazten dituzte. Familiek ez dute hozkailurik, garbigailurik, laberik… baina 500-1.000 ketzal arteko argindarraren faktura heltzen da komunitateetara».
Komunikabideak estatuaren menpe daudela salatu du: «Horien bidez satanizatu gaituzte, eta jendeak sinistu egin du Codeca deabrua dela, eta kideak terroristak eta gaizkileak garela. Morales presidente ohiak Codeca erakunde terrorista zela esan zuen, eta Guatemalan zabaltzen ari den minbizia zela zihoen 2013an Perez Molina orduko presidenteak. Bera eta Baldetti presidenteordea kartzelan daude, korrupzioagatik. Guk aurretik kalean salatu genuen euren korrupzioa».
Hauteskundeak
Estatu plurinazionala lortzea da euren helburua. MLP (Movimiento para la Liberacion de los Pueblos) alderdi politikoa sortu, eta 2019ko hauteskundeetara aurkeztu ziren: «MLP herriena da; komunitateek egindako proposamenak aztertu, eta eurek aukeratzen dituzte asanbladako ordezkariak. Hauteskundeetan laugarren utzi gintuzten, 160 diputatuetatik bakarragaz. Ezin du askorik egin, baina bere ahotsa entzun da. Uste dugu hamabost diputatu lortzeko beste boto lortu genituela; iruzurra egin zuten, gure botoak eurentzat hartuta. Guk kontrola hartzearen beldur ziren, bazekitelako boterera heltzean euren akordioak errebisatuko genituela, energia elektrikoenak, adibidez». Herri indigenetako departamentuetan eta atzerriko botoen artean AEBkoenetan boto gehien lortu zituen alderdia izan zen: «Askok gure proposamenean sinistu zuten, behetik gorakoa zelako».
2016tik antolaketa, formakuntza, mobilizazioa eta komunikazioa egitea izan da euren estrategia. Komunikazioa lantzea «gakoa» izan da, oihartzuna izateko funtsezko bidea: «Denok mugikorretatik, sare sozialetatik landu dugu komunikazioa».
2023ko ekainean izango dira hurrengo hauteskundeak. Boteredunak «iruzurra» prestatzen ari direla dio, eta nazioarteko ikuskaritza egotea gura dutelako, Europako parlamentura, Bruselara joango dira azaroan. Aldaketa lortzeko Kolonbiaren kasuak «indarra» ematen die: «Badakigu lau urtetan ezingo dutela aldatu aurretik hainbeste urtetan egindako dena. Gobernua, aberatsak, botorea… ez da geldi geratuko».
2010eko urrian eratutako El Congreso de lo Pueblos mugimendu sozial eta politikoaren kidea da Angelica Orjuela kolonbiarra. Erakunde sindikalek, emakumeenek, ingurumen arlokoek eta beste hainbat herri mugimenduk osatzen dute. «Orduan 30.000 bat pertsonak Bogota hartu zuten, agerikoa zelako baldintzak ez zirela egokiak gehiengoarentzat. Uriberen agintearen azken partea zen; zortzi urtetan mugimendu sozialarekiko jazarpena ikaragarria izan zen. Bizitza duinerako herrialdeko proposamena sortu behar zela erabaki zen, hori zelako herrien eskaria: duintasunez bizitzea. Demokrazia burgesak, zuriak, arrazistak eta patriarkalak ez zituen gehiengoaren interesak ordezkatzen, eta legedi propioa sortzea adostu zen, herriaren aginteak sortzea, bakea eta giza eskubideak, lurrak, subiranotasuna… oinarri hartuta». Bi urteren buruan, besteak beste, kalitatezko eta doako hezkuntzaren aldeko proposamena ere jaso zuten.
Kolonbiarrak esan bezala, euren «gerra estatuarekin» da: «Estatuak erail du berea den herria. Multinazionalek familiak hustea, familiei dena kentzea onartu du. Multinazionalen, droga trafikoaren, lur-jabeen eta paramilitarren egiturak eta indar pribatua baimendu ditu. Zenbait jokaera naturaltzat hartu, eta gizarte biolento bat eraiki da».
Herri mugimendu «jazartua» da eurena. Orjuelak azaldu du giza eskubideak defendatzen dituztenak kriminalak direla esateko «aparatu judiziala erabiltzea» izan dela estatuaren estrategia; 2012tik 2021era «500 bat pertsona judizializatuta» egon dira: «Lehen, muntaia judizialen biktima zirenak FARCeko kideak zirela esaten zuten. Herri mugimendua den guztia matxinadagaz edo altxamenduagaz lotu dute. 1-5 urte artean egoten dira kartzelan; lekuko, testigantza, proba faltsuak oinarri hartuta, gertaerak eta txostenak asmatzen dituzte…» Ingurukoengan zein gizartean beldurra zabaltzeko estrategia dela dio. Estrategia horren aurrean sortu zuten Ser lider social no es delito kanpaina, gizarteko liderrek zer egiten duten, euren rola zein den azaltzeko: «Ezarrita dagoena zalantzan jartzen dutenak jazartzen direla ezagutara emateko da».
Erakundeen laguntza
Nazioarteko babesa eta laguntza jasotzeko ere balio izan die kanpainak: «Azken zortzi urteetan nazioarteko laguntza garrantzitsua izan da epaiketetan. Askatasuna eskatzen duten giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeen gutunak epaileei aurkeztu zaizkie».
Tokiko erakundeek ere lagundu dezaketela esan du Vaquerizok: «Estatuak ez dira geldi geratuko, mugimenduak zapaltzen, erasotzen segituko dute. Sareak horiek ezagutzera ematen segitu behar du. Mugimenduek laguntza eskatzen dute, eta udalek gutunak sinatzea eta bidaltzea garrantzitsua da, balio handia dauka. Zenbaitetan jendea kartzelatik ateratzeko edo epaiketak gelditzeko balio izan du» .
Kolonbiarrak gogoratu du jazarpenaren «alde beltzena» erailketak izan direla: «2002tik 2021era 100 kidetik gora hil dituzte paramilitarek, identifikatu gabeko sikarioek eta ejerzitoak. Hirietako egoera baino arriskutsuagoa da landa-eremuetakoa. Salaketa zelan egin ondo aztertu behar izaten dugu, familiak arriskuan ez jartzeko. Batzuetan familiek mugimendu sozialari botatzen diete errua; gertatuko zaigunaren beldur dira». Hildakoen zein epaiketetan daudenen senideei babesa ematen diete.
Erbestea «isiltzeko beste modu bat» dela argi daukate: «Kide batzuk 30 urte daramatzate herrialdetik kanpo. Bakarrik edo familiekin alde egin, eta beste leku batean zerotik hasi behar izan dute. Zelan erraparatuko dugu hori dena? Erreparazioa zaila da. Ez dauden ahotsengatik, erailengatik, kartzeletan zein erbestean daudenengatik indar handiagoagaz dihardugu, ez gara geratuko. Bizitza duinerako herria eraiki, eta hazten eta herri-boterea garela sinisten segitu behar dugu. Gehiengoa gara, eta uneren batean zapalduak izateari utzi beharko diogu, eta bizitzeko baldintzak eta bermeak topatu».
Angelica Orjuela – Congreso de los Pueblos (Kolonbia): “Giza eskubideen defentsa pre-politikoa dela uste dugu, oinarrizkoa delako”
Giza eskubideen defentsaz gain, «ama lurragaz orekatuta bizi ahal izatea» aldarrikatzen dute, multinazionalak denaz jabetzeak eta monolaborantzak ere eragiten baitiete elikadura burujabetzan.
Gobernu aldaketagatik «hurbiltasun, senidetasun eta segurtasun sentsazioa» daukate. Herri mugimenduetan Francia Marquezegaz ibilitakoak dira kide batzuk. Bizitzaz, giza eskubideez, bakeaz, berdintasunaz, eraldaketaz… berba egitera datorren gobernua dela uste dute. «Gizarte eta estatu arrazistan bizi garela argi utzi du, orain arte hori ez da inoiz aipatu».
Erronka asko dituen gobernua dela gaineratu du, eta herri mugimendua lagun izango du: «Boterean ipini zuena eztanda soziala izan zen. Kanpainan hitzemandakoa defendatzeko eta babesteko alboan izango gaitu, eskuma sabotatzen saiatzen denean alboan izango gara. Baina gehiengoaren interesengandik urruntzen bada, protesta egiteko, salatzeko kalera aterako gara. Eskuma bada boterea, eta ahal duena egingo du Petroren gobernuaren proposamenak sabotatzeko». Datorren aldaketak gehiengoaren onurarako bidea egitea, eta legealdia amaitu ahal izatea espero dute: «Leku batzuetan gertatu da halako gobernuen ostean gobernu ultraeskuindarrek indarra hartzea. Espero dugu gurean horrela ez izatea».
Abenduan itzuliko dira Guatemalara eta Kolonbiara. Herrialdeen artean denek batera zapalkuntzei aurre egitearen beharraz mintzo dira: «Testuinguruak desberdinak badira ere, gauza askotan kointziditzen dugu, eta guk bakarrik ez; herri kurdua, palestinarra, Sahara, Mexiko, Venezuela… ere badaude. Herrien artean senidetzea egon behar da, eta eszenatokiak sortzea oso garrantzitsua da».