Morgako Udalak konpostajea eta hondakinen birziklapena sustatzeko kanpaina prestatu du
Datozen bi asteburuetan informazio gunea ipiniko dute udaletxearen aurrean, eta udalak kaleratutako gidaliburua banatuko dute etxez etxe. Herritarrak kanpainan parte hartzera gonbidatu dituzte, "herriko hondakinen gaikako bilketa hobetu eta Morga Bizkaiko herri-eredu bihur dadin".
Morgako Udalak konpostajea eta hondakinen birziklapena sustatzeko kanpaina aurkeztu du.
Etxeko hondakin organikoak konpostatzeko eta gainerakoak modu egokian sailkatzeko informazio puntua kokatuko dute herriko plazan, datozen bi asteburuetan (urriak 15-16 eta 22-23). 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean, bi teknikarik hondakinak murrizteko eta birziklatzeko aholkuak emango dizkiete herritarrei.
Informazio puntuan, etxeko hondakin organikoak etxean bertan nola kudeatu erakusten duen bideoa proiektatuko dute eta, horretarako, behar den materiala zein den eta nola erabili ere azalduko dute teknikariek.
Horretaz gain, udalak hondakinen gidaliburu bat ere argitaratu, eta herriko etxeetara banatuko du.
“Hondakinen arloa hobetzea helburu” du udalak: “Gaur egun, erabilera bakarreko tresnak, plastikozko poltsak eta botilak, bilgarri ugari daramaten jakiak, … ohikoak bihurtu dira etxeetako despentsatan. Ondorioz, egun merkaturatzen diren produktuek eta gizartearen kontsumo-ohiturek geroz eta hondakin gehiago sortzera eraman gaitu”.
Errealitate horren jakitun da Morgako Udala. Izan ere, udalak adierazi dutenez, 2000-2021 bitartean, Morgako biztanle bakoitza, egunean 1,18 kilo etxeko hondakin sortzetik 1,30 kilo sortzera igaro zen. Horrekin batera, hondakinen sorrerak eta nahastuta bildutako hondakinen (errefusa) kopuruek behera egin badute ere, 2021ean Morgan sortutako “etxe-hondakinen %82ak nahastutako frakzioa” izan zen, eta etxe-hondakinen % 18 soilik bildu zen gaika.
Udal arduradunek gogoratu bezala, kopuru hori “oso urrun” dago Europar Batasunak 2025erako ezarritako gaikako bilketaren % 55eko helburutik, baita Eusko Jaurlaritzak 2030erako ezarritako % 85eko gaikako bilketatik ere. “Etxeko-hondakinen %40 inguru hondakin organikoa denez, frakzio honen gaikako bilketaren edo konpostajearen alde lan egitea logikoena dela uste dute. Ildo honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak ere norabide bera hartu du, hondakin organikoetara animalia jatorriko hondakinak ere botatzea baimenduz”.
Morgako Udaletik biztanle guztiak kanpaina honetan parte hartzera gonbidatu dituzte, modu honetan, “herriko hondakinen gaikako bilketa hobetu eta Morga Bizkaiko herri-eredu bihur dadin”.