Bermeoko Udalak diruz lagunduko du euskara eta euskaraz ikastea
Bermeoko Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko. Urriaren 31ra bitartean eskatu daitezke laguntzak Berhaz bulegoan edo egoitza elektronikoan.
Aurten ere, Bermeoko Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza horretan prestatu eta azterketa egiteko. Eskaerak urriaren 31ra bitartean egin daitezke Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan.
Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, udalak 2021-2022 ikasturtean egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu. Zehazki, dirulaguntza horien onuradunak ikasturtean homologatuta dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira. Eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa amaitzea.
Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko laguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko dute. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten herritarrek, gehienez, matrikularen %70a ordaintzeko laguntza jaso ahalko dute. Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere dirulaguntza eskuratu ahalko dute: gehienez %60koa, kasu horretan. Gainontzeko ikasleek, berriz, gehienez, matrikularen %50a jaso ahalko dute. Bermeoko Udalak ematen dituen dirulaguntza hauek, gainera, bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.
Era berean, Bermeoko Udalak autoa gidatzeko baimena ateratzeko klaseak eta azterketak euskaraz egin izana ere lagunduko du. Kasu horietan, baina, diru laguntzaren eskatzaileek, eskaera orriaz gain, NAren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz hartu eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte. Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Gidabaimena euskaraz ateratzeagatik, Bermeoko Udalak 150 euroko laguntza emango die baldintzak betetzen dituztenei. Baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta edukitzea eta Bermeoko Udalagaz zorrik ez edukitzea.