Julian Borda busturiarra omendu dute Busturialdeko txistulariek
Busturialdeko Txistularien Eguna ospatu dute gaur, Busturian. Auzorik auzo zabaldu dituzte txistu doinuak, eta, ondoren, Julian Borda txistulari busturiarra omendu dute Axpe auzoan.
Busturian egin dute III. Busturialdeko Txistulari Eguna, gaur (urriak 9). 11:00ak aldera hasita, auzorik auzo zabaldu dituzte txistu doinuak, eta, eguerdian, Axpe auzoan ekitaldia egin dute. “Egun berezia ospatzen ari gara, musika ospatzen ari gara, jaia ospatzen ari gara. Baina, horretaz aparte, gogoratu nahi dugu zer gertatu zen gure herri txiki honetan, eta balioan ipini igarotakoak, egungoak eta etorkizunekoak”.
Hain zuzen ere, Julian Borda txistulari busturiarra (1871-1953) omendu dute. Herriko txistulari ofizial izendatu zuten udalean, eta organista eta Busturiko Musika Bandaren zuzendaria ere izan zen. Bere etxearen aurreko plazan egin dute ekitaldia, eta bertan, Joseba Agirreazkuenagak eman ditu hari buruzko azalpenak.
1871ko otsailaren 15ean jaio, eta 1953ko ekainaren 13an hil zen Borda. 8-9 urtegaz itsu geratu zen, antza denez, gaixotasun baten ondorioz. Txistua eta organoa jotzen ikasi zuen, eta gerora, sortzaile eta herriko beste hainbaten irakasle izan zen. “Bere piezak gaur egun ere kantatzen dira Busturian”. Horietako bat, Menditik datoz izenekoa jo dute omenaldian.
Agirreazkuenagak gogoratu bezala, 41 urte zituela, Justa Abiña gazteagaz (21 urte zituen) ezkondu, eta hiru seme-alaba izan zituzten. 1908an izendatu zuen udalak herriko txistulari ofizial, eta 1937ra arte jardun zuen: “1937an faxistak, frankistak hemen sartu, eta errepresio gogorra eragin zutenean, beste langileen modura, udaletik kanporatua izan zen”.
Busturiko abesbatzaren buru izan zen Borda; musikariek elkartea sortu zuten, eta aktak euskaraz egiten zituzten 1918an. “1918an Busturian euskara ofizial bihurtzeko mozio bat bozkatu zuten, baina ez zen onartu. Gerra ostean, organista moduan jarraitu zuen elizan, eta ikasle batzuk izan zituen”, azaldu du Agirreazkuenagak. Hain zuzen ere, bere ikasleetako bat izandako Joseba Foruria egon da ekitaldian, eta Borda zein haren ikasleak gogoratzeko plaka bat eman diote. Idoia Etxebarria herriko txistulari taldeko kide eta udaleko zinegotziaren eskutik jaso du oroigarria, hunkituta. “Garai hartan katea ez zen eten, hau da, 1937an nahiz eta bere lanpostua galdu, beste gazte batzuk prestatu zituen txistua jotzeko. Gaur, Julianen izenean eta baita bere ondorengoen izenean ere, gaur egun ere txistularia den Joseba Foruria daukagu hemen”.
Bordak “goi mailako” txistularitza landu zuela nabarmendu dute: “Eskolakoa zen, horregatik, konposizioak egiten zituen; beste maila bat zeukan”. Frantzisko Zearreta Larraon txistulariaren lana ere goraipatu dute: “Ohiko txistularia zen, belarrira ikasten zuena. Txistua ondo jotzen zuen, eta batez ere, jai giroak antolatzen zituen. Bi txistulari motak behar ditugu, batzuk herritarrak gara, beste barik, eta hemen ere eskolatu asko daude, eta hori pozgarria da txistuaren etorkizunari begira”.
Halaber, beste “txistulari handi bat” ere gogoan izan dute: Poli Larrinaga bermeotarra. “Frankismo garaian Busturiko txistulari bihurtu zen, udalak kontratatzen zuelako. Poli izan da gure erreferentzia txistulari moduan hemen”.
Gaur egun, txistuak Busturian “osasun ona” daukala azpimarratu dute.