Urdaibairen garapen ekonomiko aurreratua eta jasangarria bultzatuko duen plana aurkeztu dute
'U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa' ekimenak Urdaibai bihurtu gura du eskualde berritzaile batean.
‘Ilusioz eta aukerez’ betetako etorkizuna eraiki gura dute Urdaibairentzat. Hala, gaur bertan aurkeztu dute U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa ekimena. Urdaibairen garapen ekonomiko aurreratua eta jasangarria bultzatuko duen ikuspegi integraleko plana da. Plana, baina, industria, teknologia eta balio erantsi handiko jardueretan oinarritzen da. Izan ere, azaldu dutenez, Urdaibai “leku eder”bat baino gehiago da, “bertan bizi, disfrutatu eta lan egin gura dugu”. Hala, ekimen berri horren bitartez, eskualde “berritzaile” batean bihurtu gura dute Urdaibai.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak eta Bermeoko Behargintza eta Gernikako Lanbide ekimenak eskualde garapenerako agentziek sustatuko ekimena da U-BAI, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du. Ekimena, baina, partaidetza prozesu publiko-pribatuagaz garatu da. Guztien arteko lankidetza nabarmendu dute guztiek, eta denen helburua berdina: “elkarlana eta eskualde honekiko konpromisoa”.
U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa ekimena abiatzeko, eskualdeko bederatzi enpresa –Albacora, Artike Investment, Barna, Ebaki, Echebastar, Egoin, Enagas Emprende, Maier eta Rotobasque– batu dira, eta Enpresa Fabrika proiektuarekin bat egitea sinatu dute gaur Ekoetxea Urdaibain. Enpresa Fabrika Urdaibain sortuko den “garapen ekonomiko aurreratuko nazioarteko erreferentziazko poloa” da, eta bertan bioekonomia eta jarduera teknologiko jasangarri berriak bultzatuko dituzte. Bederatzi enpresak sinatu dute gaur, baina ateak zabalik dituztela adierazi dute.
Martin Ugalde Maierreko CEOak azaldu du, Urdaibaigaz maila guztietan konprometitutako enpresaburu taldea direla, eta “ekitea merezi duen abentura” baten hasiera sinatu dutela elkarregaz: “Abentura honek aberastasuna sortzeko interes komuna du oinarri, talentua erakarriz eta enpresa ekimen berriak ezarriz. Gure eskualdeko herritarrek etorkizun hobea izango dutela ziurtatu gura dugu, enpresa-fabrikako bazkideok bertan iraun gura dugulako”.
Mikel Irastorza ekintzaile bermeotarra eta Artike Investmentseko CEOaren arabera, Urdaibaik ekintzailetzarako aukera ematen du, eta horren alde egin behar duela uste du: “Urdaibaik, ekintzailetzarako ekosistema modura, etorkizun handia du denok elkarrekin gauden bitartean. Taldean aritu behar gara lanean, Urdaibaira hainbat sektoretako talentua eta enpresak erakarriko dituen ingurunea eraikitzeko. Gure eskualdearen etorkizun estrategikoa bultzatzea gure esku dago”.
Lau ardatz sektoriak eta zeharkako bi. Datozen urteetan, hortaz, hitzarmen publiko-pribatuaren ahaleginak honako esparruetan oinarrituko dira: Bizkaiko, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoak turismo jasangarriaren erreferentziazko jomuga bilakatzea, arrantzaren eta elikaduraren inguruan balio erantsiko jarduera berriak bultzatzea, egurraren eraldaketan Urdaibai berrikuntza polo bihurtzea, garapen teknologiko-enpresariala sustatzea, eskualde mailako ekintzailetzarako ekimen egituratua sortzea eta lehenetsitako sektore-ardatzekin inbertsio sinergikoak erakartzea.
Horregaz lotuta, eskualdearen indarguneak nabarmendu dituzte. Bata, arrantza eta elikaduragaz lotuta dago. Arrantzaren eta elikaduraren katean, Urdaibaik arrantzako eta tunidoen eraldaketako jardueren lehiakortasuna bultzatzearen aldeko apustua egin duela azaldu dute, “lankidetzaren bidez, batez ere”. Jarduera nuklear horietatik abiatuta, elikagaiak eraldatzeko produktu eta jarduera berrien, industria osagarri nautikoaren eta itsasoko ekonomia zirkularreko jarduera berrien garapena bizkortu gura dutela aipatu dute. Beste indargunea egurraren sektorean aurkitu dute: “Urdaibaik egurraren eraldaketa mekanikoan eta eraikuntzan espezializazioa bultzatuko du, hortik beste jarduera sinergiko batzuen garapena bultzatuz: eraldaketa mekanikora bideratutako basogintza, zerraketarekin sinergia industrialak dituzten produktuen fabrikazioa, eta eraikuntzarako produktuetan berrikuntza”.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak aldundiak eskualdearekin duen konpromisoa nabarmendu du. Aldundiak konpromiso hori ekintzekin agertzen duela esan du: “Bermeo Tuna World Capitalen (BTWC) eta Gernikako Elkartegian sinisten dugu; bere garaian Autzaganeko tunelak egin genituen, eta orain Sollubekoak falta dira eta hitza badago; Bermeon eta Gernika-Lumon Gertu bulegoak jarri ditugu, aldundiagaz izapideak errazago egin ahal izateko; Arratzun suhiltzaileen parke berria egin dugu; 2023rako Gernikako Ospitaleko 3.solairuan 25 plaza soziosanitario jartzera goaz…”. Berdintasuna ere aipatu du Rementeriak, eskualde guztiak “maila berdinean” egon beharko liratekeela aipatuta: “Ahalegin guztia egin behar dugu Busturialdea lehen mailako eskualdea izateko, merezi du eta”.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuorde eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuko presidenteak azpimarratu du Urdaibai, Biosferaren Erreserba den aldetik, “garapen jasangarrian esperimentatzeko gune izateko bokazioa” duela. “Eraldaketa jasangarria eta berritzailea” elkarrekin bultzatzeko egin den apustu publiko-pribatua nabarmenduu du: “Ekintzaileek eta startupek, ekonomia deskarbonizatuagorantz joatea eta klima aldaketaren erronkari hobeto erantzutea ahalbidetuko digute”.
Urdaibai “paisaia ikusgarri” baino gehiago dela aipatu du Bermeoko alkate eta Bermeoaldeko Behargintzaren presidente Aritz Abaroak: “bertan bizi, disfrutatu eta lan egin gura dugu”. Eskualdearentzat “egun handia” dela nabarmendu du: “Turismoaren, ekonomia urdinaren, egurraren edo automobilgintzaren arloan jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen edozein enpresa ekimenek Urdaibain eragiketa-bankurik onena duela jakin behar du”.