"Autonomoa izatea da niretzako lasterketarik garrantzitsuena"
Euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du Ainhoa Elorriaga busturiarrak 'Bizitzeko gogoa' liburua. Bere gainditze pertsonalari buruz idatzi du, positibotasunez, bere ustez, hori baita modurik egokiena.
Ainhoa Elorriaga Baraiazarra busturiarrak bere gainditze pertsonalari buruz idatzi duen Bizitzeko gogoa liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Altamirako kultur etxean. 2004ko urriaren 15ean, 24 urte zituela, auto istripu larria eduki zuen. Elorriaga, baina, berriro jaio zen, eta etapa desberdinetatik igaro ostean, bizitakoa kontatu dezake, eta pozik egiten du, gainera. Ediciones El Gallo de Orogaz kaleratu du lehenengo liburua.
Positibotasunez idatzitako liburua da Bizitzeko gogoa.
Hala da, bai. Uste dut garrantzitsua dela besteen kasuak ezagutzea, eta nik neuk animoak eman gura ditut liburuagaz. Juan Manuel Montilla El Langui-k antzeko liburu bat idatzi zuen, baina ez da berdina kalte zerebralagaz jaiotzea edo hartutakoa izatea, eta zerotik hasi behar izatea; nire kasua txarrena da. Hainbat fase igaro ditut, begetal egotetik umeki posizioan geldirik egotera, min handiak izatera… hori guztia indarrez eta gogoz gainditu dut. Nik gauza negatiboak entzun izan ditut, begetal geratuko nintzela entzuten nien medikuei, buruan grabatuta izan dut hori, eta ahotsak ezagutzen nituen. Nik, badakit, baina, positibotasuna beharrezkoa dela, eta hori da zabaldu gura dudan mezua.
Argi zeneukan liburuaren izenburua zein izango zen.
Galdetu zidatenean zein izango zen liburuaren izenburua, pentsatu barik atera zitzaidan: Bizitzeko gogoa. Eduki eta daukadadan bizitzeko gogotik nago hemen, medikuengatik balitzateke ez nintzateke gaur egun nagoen moduan egongo.
Koma zure bizitzako unerik onena moduan gogoratzen duzu.
Dena daukat gogoan. Ez nintzen nire bizimodua gogoratzen egon, bizitzen nengoen. Pozik nengoen. Hiru aste egon nintzen koman, eta gero koma induzituan bost hilabete eta erdira arte. Une batzuetan ez nuen ezer ikusten, eta gorputz guztiko mina neukan. Une horietan entzuten nuen amaren ahotsa, eta emozionatu egiten nintzen. Beti berba egin izan dit modu postiboan, garrantzitsua da hori. Berak kontatzen zidan istorioetan sartzen nintzen ni. Garrantzitsua da gauzak kontatzea, burua martxan dagoelako. Gustuko musika ere jartzen zidaten, neuronak izartu egiten baitziren, eta egia da. Mikel Urdangarin jartzen zidaten, eta amak esaten dit Urdangarinen musika entzun eta irrifarrea ateratzen zitzaidala. Ken Zazpi eta Gatibu ere gustuko nituen, baina, batez ere, Urdangarin. Momentu oso onak gogoratzen ditut. Txarto zaudenean, momentu onak baino ez dituzu gogoratzen.
Orain, denei esaten diet ez dela ikasi behar postu on bat lortzeko, ikasi egin behar da pertsona on bat izateko.
Zein puntutan hasten duzu liburua?
Istriputik hasten naiz. Nire bizitzako unerik onenetariko batean nengoen. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu nintzen, bi master ere egin nituen, eta han eta hemen ibili nintzen praktikak egiten. Autzaganen izan nuen istripua, eta zorte handia izan nuen istripuaren unean anbulantzia bat pasatu zelako.
Ordutik dena egiten ikasi behar izan duzu.
Ume bat baino txarrago nengoen, jakin banekien, esaterako, adurra dariola neukala, baina ezin nuen ezer egin. Koma indizutuaren ostean, Aita Menni Ospitalean egon nintzen bederatzi hilabete. Begietan hainbat ebakuntza egin dizkidate, ezin nituen begiak zabaldu, eta hanketako ebakuntzak ere bai, mugikortasun guztia galdu nuelako. 2006an mugikortasuna berreskuratu nuen gorputzaren ezkerraldean, eta ezkerreko eskuagaz idazten ikasi nuen. Gaur egun, bi eskuekin idazten dut. Orain, denei esaten diet ez dela ikasi behar postu on bat lortzeko, ikasi egin behar da pertsona on bat izateko. Burua, hau da, neuronak martxan edukitzea garrantzitsua da pertsona izateko. Ez nuen pentsatuko horren gogorra izango zenik buruari berriro ere erakustea.
Gauzak beste modu batera ikusten ikasi duzu.
Horrelako gaixotasun baten ostean, gauzak beste modu batera ikusten ikasten da, eta indartsuagoa ere banaiz. Gauzak beste modu batera baloratzen ditut, eta askoz ere pozago bizi naiz.
Familiak zelan bizi izan du?
Gauza bat argi daukat, aurrera egin baldin badut gurasoengandik da. Amak esaten zidan mina edukitzea ona zela, horrek esan gura zuela burua aginduak ematen hasita zegoela. Medikuek ez zuten ezer ematen nigatik, gehienez ere, gurpildun aulki automatiko batean egongo nintzela esaten zuten.
Ez zait protagonismoa gustatzen, baina hau guztia egiten dut pertsonak garela esateko eta eskubide berdinak ditugula aldarrikatzeko.
Nondik atera duzu indarra?
Gauza positiboak atera ditut istriputik, orain badakit, uste nuena baino askoz ere indartsuagoa naizela. Beti umorez bizi izan dut. Nire gurasoak nitaz harro egotea zen gura nuena. Gaur egun, oraindik ere errehabilitazio ariketak egiten ditut egunero, igerilekuan edo hondartzan. Hondartzan hobeto sentitzen naiz, harean ariketa mota desberdinak egin ditzakedalako. Hori da nire lana, errehabilitazioa.
Gizarteak gutxietsi egiten zaituztela diozu.
%84ko desgaitasuna daukat, eta normala izango ez banintz modura hartzen naute. Gizarteak gutxietsi egiten gaitu. Orain dela urte batzuk C2 mailako euskara azterketa gainditu nuen. Nire autoestimurako oso ona izan zen. Ez digute aukerarik ematen. Ez zait protagonismoa gustatzen, baina hau guztia egiten dut pertsonak garela esateko, eta eskubide berdinak ditugula aldarrikatzeko. Denok gaude itsasontzi berean, betebehar eta eskubide berekin. Inoiz ez dut pena eman gura izan, eta hainbeste urte egon naiz kalera atera barik pena ez emateko. Niretzat, gaur egun, lasterketarik garrantzitsuena autonomoa izatea da, eta horretan atera behar dut ohorezko matrikula.
Noiz erabaki zenuen liburua idaztea?
Aita Menni ospitalean esaten zidaten nire istorioa idatzi egin behar nuela, nire kasua bakarra zelako. Badakit, gainera, beharrizana dagoela, nik horren falta nabaritu baitut. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da, gainera, mundu guztiari heltzeko.
Eguneroko bat ere idazten duzu.
Bai egunerokoa daukat alde batetik, eta beste dokumentu bat ere badaukat gauza garrantzitsuak izenekoa; 800 orrialde baino gehiago dira lehenengo bidarrez egin ditudan gauzak aipatuta: begiak zabaldu, irentsi…
Herritarren aurrean aurkeztuko duzu bihar liburua. Urduri al zaude?
Ez, ez nago. Gustatuko litzaidake jende asko etortzea, ea jendea animatzen den. Mikel Urdangarin etortzea gura nuen, baina New Yorken dago, eta ezingo du egon. Ahal izan nuenean eskutitz bat idatzi nion eskerrak emanez, bere musikak asko lagundu zidalako. Jarraian jaso nuen Mikelen deia.