"Lehiakorra naiz oso, %100 ematen saiatzen naiz"
Athleticen jokatzen duen Maite Zubieta gazte busturiarrak bi urrezko domina lortu ditu aurten Espainiako selekzioagaz; munduko eta Europako txapelduna da, gelako mahai gainean gordeta dauzka bi urrezko dominak. Izugarrizko esperientziak izan direla dio.
Azken urtea oparoa izan da zuretzat. Espainiako selekzioagaz Munduko eta Europako txapelketak irabazi dituzu. Leku bereziren batean gordeta dauzkazu urrezko dominak?
Egia esanda, ez, nire gelako mahai gainean dauzkat eskegita.
Zer nolako esperientzia izan da Espainiako selekzioagaz bi txapelketa horiek jokatzea?
Izugarrizko esperientzia izan da bi txapelketa hauetara joatea, eta, gainera, bietan irabaztea. Oso ibilbide polita eta aberasgarria da, egunero ikasten da zer edo zer. Momentu gogorrak ere badaude, etxera bueltatzeko gogoa ematen dizutenak, baina, azkenean, prozesu guztiak merezi du. Bi txapelketetan, orokorrean, esperientzia polita izan da, eta antzeko minutuak jokatu ditut batean zein bestean. Europako txapelketan partidu gehiago jolastu nituen titular moduan. Mundialean, berriz, gutxiago, baina partidu guztietan izan nituen minutuak.
Denbora bat daramazu Espainiako selekzioagaz jokatzen. Noiz jaso zenuen lehenengo deia?
2019ko irailean jaso nuen lehenengo deia; jokalari batek min hartu zuen, eta bera ordezkatzera joan nintzen. Handik aurrera, osasuntsu eta lesio barik egon naizen deialdi guztietara joan naiz.
Nola hartu zenuen lehenengo aldiz Espainiako selekzioagaz jokatzeko deia?
Ez nuen dei hori espero eta ez nuen sinisten. Pozaren pozez nire familia, lagun eta taldeko lagunei esan nien berehala.
Harrez gero, Espainiako selekzioagaz aritzeko deia jasotzen duzun bakoitzean poza ematen dizu edo esperotako deia izaten da?
Beti da poztekoa. Egia esan, orain arte deialdi gehienetara joan naiz, baina nire taldeagaz zein selekzioagaz joaten naizen bakoitzean egiten dudan lanarengatik deitzen didate. Ez da erraza deialdietara joatea, eta, beraz, deitzen didaten bakoitzean poza hartzen dut ni kontuan hartzeagatik.
Zer eskatzen du eliteko kirolari izateak?
Nagusitzen zoazen heinean geroz eta gehiago eman behar duzu zure partetik; entrenamendu gehiago ditugu, denbora gehiago ematen dugu Lezaman, gehiago zaindu beharra daukagu dieta… Eta ikasketekin berdina gertatzen da, klaseetara faltatzeak dakar, kideek ikasgelan lantzen dutena zure kabuz landu beharra daukazula eskola orduetatik kanpo, eta askotan zaila da besteek daramaten erritmoa jarraitzea. Kasu honetan, irakasleek lagundu egiten didate beste plangintza bategaz.
Zer nolako maila egon da Europako zein munduko txapelketetan? Zein izan da zuretzat aurkaririk gogorrena?
Txapelketa horietako maila oso altua da, azkenean herrialde bakoitzeko jokalari onenek jolasten dute, eta jende asko profesionalak dira. Nire ustez, Brasilen aurka jolastutako partidua izan zen gehien kostatu zitzaiguna, gure lehen partidua izan zelako mundialean. Azken finean, lehenengo partiduak urduritasun hori dauka, inork ez du akatsik egin gura.
Euskal selekzioagaz ere ibili zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia oso polita da, taldeko kide asko gaude, eta lagun askogaz berriz batzeko aukera ematen du. Pena handia izan zen Euskal selekzioagaz gehiago ez jolastea, talde oso ona geneukan, eta Espainiako finalera heldu ginen, baina COVID-19arengatik ezin izan genuen finala jolastu.
Zeinek dauka exijentzia maila handiagoa, Euskal selekzioak ala Espainiako selekzioak?
Euskal selekzioagaz Espainia mailan jolasten da, beste autonomia erkidegoen kontra. Espainiagaz, ordea, beste munduko edozein herrialderen kontra jolastu dezakezu, eta herrialde horiek euren jokalari hoberenak aukeratzen dituzte jolasteko, hortaz, gehiago behartzen zaitu.
Herrian harro daude zure ibilbideagaz, jende askok gelditzen zaitu?
Bai, gelditu izan naute txapelketa hauek irabazi ostean zoriontzeko, eta eskertzekoa da. Azkenean, Busturian bizi naiz, herriko taldean futbolen jolasten hasi zen bertoko neska bat naiz.
Txikitatik argi izan duzu futbol jokalaria izan gura zenuela? Zenbat urtegaz hasi zinen futbolean?
Hasieran, nire nebaren entrenamendu eta partiduak ikustera joaten nintzen Itxas Adar futbol zelaira. Bertan baloiren bat hartu eta jolasten hasten nintzen. 7 urtegaz, Busturiko benjamin taldean hasi nintzen jolasten, talde horretan adin desberdinetako jendea batzen ginen futbolean aritzeko.
Busturia, Gernika eta orain Athleticen jokatzen duzu. Etorkizuna non ikusten duzu? Zer gustatuko litzaizuke?
Batek daki non amaituko dudan, gaur egun Athleticen jolasten nabil, eta pozik nago; txikitatik jarraitu izan dudan taldea da, eta oso harro nago Athleticen. Nire asmoa Athleticen jarraitzea da, baina oraindik oso gaztea naiz, futbolean hasi berria naiz, eta ez dakit etorkizunean zer gertatuko den.
“Izaera handiko futbolaria” zarela esaten dute zure taldekideek, eta “emakumezkoen harrobiko ezinbesteko jokalaria” ere bazarela diote. Horren harira, zer diozu?
Uste dut zelaian zelaitik kanpo naizen modukoa naizela, hau da, pertsona oso lehiakorra naiz, eta nire %100 ematen ahalegintzen naiz zelaian. Nire moduan, harrobiko taldean urte pare bat daramatzagun beste hainbat jokalari gaude taldean, eta liga lehiakor honetan, guk daukagun esperientziagaz laguntzen saiatzen gara.
Zelan definitzen duzu zure burua jokalari modura?
Baloia edukitzea gustatzen zaidan jokalaria naiz, lehiakorra, presentzia eta jokoaren ikuspegia daukana.
Zelako egoera ikusten duzu emakumezkoen futbolean?
Uste dut emakumeen futbolaren egoera asko hobetu dela, eta, hortaz, bide honetatik jarraitu behar dugu.