Klima aldaketaz 90 segundotan kontzientziatzera zuzendutako film laburren lehiaketa antolatu du lehenengoz Ihobek
18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete, eta izena emateko azaroaren 18ra arte dago zabalik.
Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen baitan, eta Gazteriaren Europako Urtearekin batera, Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak klima-aldaketari buruzko film laburren I. gazte-lehiaketa antolatu du, Klimametraje izenburupean.
Arduradunek azaldu dute helburu bikotza daukala: klima-aldaketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen eraginari buruz euskal gazteriak daukan ikuspegia ezagutzera ematea; eta herritarrak kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta mobilizatzea.
2022ko irailaren 1ean 18 eta 30 urte bitartean beteta zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek parte hartu dezakete, eta izena emateko azaroaren 18ra arte dago zabalik.
Parte hartzeko bi kategoria daude aukeran. Lehenengoan, klima-aldaketak erkidegoan dituen inpaktuak erakutsi behar dira ikus-entzunezkoan; bigarrenean, berriz, klima-ekintza bultzatzen duten irtenbide, ekimen edo tresnak proposatuko dira. Parte-hartzaile bakoitzak bi film labur aurkeztu ahal ditu, baina bakarra kategoria bakoitzeko.
Oinarriak. Lanek 2022ko irailaren 23etik 2022ko azaroaren 18 bitartean eginak izan behar dute, originalak eta formatu digitalean eginak (edozein teknika onartuko da, 1920 x 1080
pixeleko HD tamaina badu), fitxategi formatu hauetan: MOV, MPEG4, AVI.
Film laburrek ezingo dute 30 segundo baino laburragoak izan, ezta 90 segundo baino luzeagoak ere. “Ahotsa badute, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan onartuko dira. Halaber, aurkeztutako lanetan erabiltzen den musika egile-eskubideetatik libre egongo da; bestela, eragileen ardura izango da musika hori aurkeztutako lanean erabiltzeko beharrezkoak diren erabilera-eskubideak eskuratzea”.
Zehaztu dute ez dutela onartuko “zuzenean zein zeharka” produktu edo marka jakin baten publizitate, sustapen edo beste edozein motatako merkataritza-edukia duen ikus- entzunezko grabaziorik. Era berean, “inola ere ez da onartuko giza eskubideak edo balio demokratikoak errespetatzen ez dituen sorkuntzarik, ezta pertsona edo kolektibo batekiko iraingarriak edo errespeturik gabekoak diren edukiak dituztenak ere”.
Sariak. Epaimahaiaren partaideak ikus-entzunezko zein ingurumen sektoreko adituak (klima-aldaketarekin bereziki “inplikatuta” daudenak) izango dira. Bi kategorien saria bizikleta elektriko bana izango da. Halaber, bi aitortza egongo dira, bata, kontzientziatzeko gaitasunerako, eta besteak herritarrak mobilizatzeko gaitasunerako. Horien saria izango da asteburu bat pasatzea erkidegoko Europako etiketa ekologikoa duen landetxe batean.
Gazteriaren Europako Urtea. Europar Batasunak Gazteriaren Europako Urtea izendatu du 2022a, “gazteen rola nabarmentzeko Europarentzako etorkizun ekologikoago, inklusiboago eta digitalagoaren eraikuntzan”.
Eusko Jaurlaritzak herritarren pertzepzioaz egindako azken azterlanek erakusten dutenez, herritarrek kontzientziazio “maila handia” dute jasangarritasunaren eta klima-larrialdiaren aurrean: “Euskal biztanleen erdiek baino gehiagok, eta bereziki gazteek, ezintasun-sentimendua adierazten dute klima-aldaketaren fenomenoaren aurrean, eta erronka hori beste edozein politikaren gainetik jartzen dute”.
Hala, Euskal gazteen konpromisoak Euskadi jasangarriagorako dokumentua aurkeztu zuen Jaurlaritzak 2022ko maiatzean, eta bertan zehazten da gazteek Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren bitartez “bere egiten duten posizonamendua”. Eragile eraldatzaile gisa duten potentzialaz eta euren sormenaz, egokitzeko ahalmenaz eta aldaketarako irekitasunaz gain, gazteek eskatu zieten herri administrazioei euren komunikazio-, sentsibilizazio- eta hezkuntza-lana bultzatu dezaten, herritar guztiak eta bereziki gazteak kontzientziatzeko.
Lantaldeen prozesuaren emaitza gisa, posizionamendua azaltzeaz gain, dokumentuak zehaztu zituen gazteek administrazioari epe labur eta ertainari eskatzen dizkioten zenbait proiektu.