Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna, Ekoetxea Urdaibain
Besteak beste, ilustrazio tailerra zein txorientzako janlekuak sortzeko eta egurrarekin habi-kutxak egiteko tailerrak emango dituzte, eta paduretara hurreratuko dira.
Hegazti Migratzaileen Mundu Egunaren harira, zenbait jarduera egingo dituzte asteburu honetan, Ekoetxea Urdaibain.
Felipe Fernandez Cozarrek txorien ilustrazioaren sekretuak ezagutara emango ditu, zapatuan eta domekan, 16:00etatik 18:30era emango duen tailerrean. 14 urtetik aurrerakoen parte hartu ahalko dute, eta zentroaren arduradunen berbetan, tailer hau natur zientzietan interesa duten helduei eta gazteei zuzenduta dago, bai beren landa-koadernoei «kalitate eta kolore ukitua eman» gura dieten behatzaileei, zein behaketak irudikatzeko tresna bat bilatzen duten zientzialariei; «izan ere, marrazketa tradizionalak abantaila asko ditu beste teknika batzuekin alderatuta, hala nola argazkigintzarekin».
6 urtetik aurrerako umeentzat, berriz, txorientzako janlekuak sortzeko tailerra emango dute bihar, 10:00etatik 11:30era. Etzi, ostera, egurrarekin habi-kutxak egiten ikasteko aukera edukiko dute 6 urtetik aurrekoek. Doako ikastaroa 17:00etan hasiko dute, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Gainera, hegaztietan aditua den basozain baten eskutik horiei buruzko informazioa ere jasoko dute bertaratzen direnek.
Urdaibain dauden hegaztiak behatzeko tartea ere hartuko dute asteburuan. San Kristobaleko paduretara hurreratuko dira, bertako biodibertsitatea ezagutzeko. Domekan, 10:30etik 12:30era egingo dute doako ibilbide gidatua, eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta dagoela zehaztu dute.
Bestalde, 3 urtetik aurrerako umeentzat proposamen berezia prestatu dute Ekoetxea Urdaibaiko kideek. Umeek euren adin tartera egokitutako modu erraz eta dibertigarrian gaian sakonduko dute; hegazti askok «klima hobearen eta elikagai gehiagoren bila neguan leku batetik bestera» bidaiatzen dutela ikusiko eta ikasiko dute. Horri buruz familian hausnartzeko liburu bereziak eta jolasak edukiko dituzte, domekan, 11:00etatik 13:00etara.
Aurretiaz izena eman. Asteburuko jardueretan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora mezua idatzita.
Domekako umeen saiorako eta janlekuak egiteko tailerrerako 2 euro ordaindu behar dira, eta ilustrazio tailerrerako, berriz, 5 euro