Urte amaierarako hasi daitezke Bermeo eta Mundaka lotuko dituen pasealeku berdearen azken tarteko lanak
Oinezkoentzako 500 metro inguru izango dituen ibilbideak Bermeoko erdigunea eta Mundakaraino iristen den bidegorria lotuko ditu.
Gaur goizean aurkeztu dituzte etorkizun laburrean Bermeo eta Mundaka lotuko dituen pasealeku berdearen azken tarteko lanak. 500 metroko ibilbidea izango dela esan du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantza Tapiak. “Oso luzea” izango ez bada ere, “kalitatezko bide berdea” izango dela nabarmendu du, “etorkizunera begirako proiektu garrantzitsua”, eta “herritarrentzat pentsatuta” dagoena. Hala, Bermeoko erdigunea eta Mundakaraino iristen den bidegorria lotuko ditu egingo duten pasealeku berriak.
Pasealekua eta berdeguneak esleitu dituztela adierazi du Tapiak, 2,3 milioi eurotan. Urtea amaitu orduko lanokin hastea espero dute, eta, gutxi gorabehera, bederatzi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da, “nahiz eta zatietako bat egiteko denbora gehiago beharko den”.
Sailburuak adierazi du Urdaibaiko Biosfera Erreserban mugikortasuna garatzeko, berdeago egiteko eta orain arte eginda dagoena lotzeko balioko du Bermeon egingo duten pasealeku berriak: “Azken finean, hirigunea, natura eta pertsonak gerturatzen ditugu”. Bide hori txirrinduan ere egin ahal izango dela zehaztu du. “Mugikortasuna hobetu gura da, eta nabarmen hobetuko dela uste dugu. Ibilgailuak gero eta gutxiago erabili gura ditugu, eta, horretarako, garraio publikoa eta oinezko eta bizikleta bidezko alternatibak martxan jartzen ditugu”, esan du Tapiak.
Gaur aurkeztu duten tartea une honetan eginda dauden 24 kilometroko oizkoentzako ibilbideei gehituko zaie, Urdaibaiko kultura eta natura “nolabait balioan jarriz”.
Proiektua bi zatitan banatu dutela azaldu du Tapiak, eta aldi berean gauzatuko dira. Gainera, proiektuaren segurtasun eta osasun zuzendaritza ere esleitu dituztela aipatu du.
Proiektua, hortaz, Mundakatik datorren errepidearen alboan eta EuskoTrenen trenbidearen artean altxatuko da, eta espaloiarekin paraleloan joango den ibilbide naturala sortu gura dute, baina espaloitik bereizita eta egokitu behar den berdegunea zeharkatuta. Egurrezko pasabidea da egingo dutena, eta pasabidea begiratoki baten ondoan amaituko da. Goiko plataforman, “espazio publiko zabal” bat egingo dute. Hala, aisialdirako gune bat proposatzen dute, hori ere egurrez egina. Plataforma egiteko lan horiek izango dira obrako “zailenak”; “lur mugimendu txiki bat egin beharko da eremu horretan, eta ia trenbidearen gainean dago. Hori egiteko, aldez aurretik hesi bat jartzea aurreikusi da”.
Bizi kalitatea hobetu. Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du gaurkoa egun “handia” dela Bermeo eta bermeotarrentzat: “Gaur aurkezten dugun proiektu hau estrategikoa izateaz gain, zuzenean bermeotarron bizi kalitatea hobetzera bideratuta dago”.
Agintaldi honetan Bermeo transformazio urbanistiko batean sartu dela esan du Abaroak, eta transformazio urbanistiko horretan gaur aurkezten duten proiektua “pauso garrantzitsua” dela nabarmendu du: “Herri moderno eta hobeto konektatuago batera bidean goaz. Bermeon egingo den proiektu bat bada ere, eskualdeko proiektu bat ere bada. Eskualde guztia konektatuko duen bideari jarraipena emateko aukera edukiko dugu. Bermeotarrentzako balore desberdinak dituen bide bat da, eta aisialdiagaz eta bizimodu osasuntsuagaz lotuta ere badago. Ingurua, orain, eraldatu egingo da, edertu egingo da, eta herriko sarbide nagusietako bat hobetuko dugu”.
Proiektu hau beste askorekin lotu behar da Bermeoko alkatearen arabera, “gauzak izateko arrazoia daukatelako eta logika baten barruan lantzen direlako”. Gaur aurkezten duten proiektuak, hortaz, lotura izango duela dio Artza eta Erreten artean egiten ari diren zeharbidea berritzeagaz, Esparru eta Atalde artean jarriko duten igogailuagaz, Tala Aritzatxurekin lotuko duen bide berdeagaz, Itsasbegi ingururako prestatu dabiltzaten hobekuntzekin… “estrategia horren barruan saruta dagoen proiektua da”.
Alkateak elkarlana nabarmendu gura izan du: “Proiektu hau posible da erakunde desberdinen artean sortutakoa delako, hilabeteetako lana dago proiektu honen atzean. Gaur egun ezinbestekoa da elkarlana, elkarlanetik lortzen dira garaipenak eta proiektu sendoak”.