Muruetan tren geltoki bat jartzeko aukera aztertuko dute Jaurlaritzak eta aldundiak
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Urdabairen bi aretoak elkartzeko trenbide loturen bideragarritasuna aztertuko dute, eta lankidetza protokoloa bultzatuko dute.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia Muruetan tren geltoki bat jartzeko aukera aztertuko dute, Guggenheim Urdabairen bi aretoak elkartuko lukeena. Azterketa hori egiteko lankidetza protokoloa bultzatuko dutela adierazi dute.
Guggenheim Urdaibai museoaren bi aretoak batuko dituen trenbide loturaren bideragarritasuna aztertzeko lankidetza protokoloa bultzatu dute, hain zuzen ere, “garraio iraunkorreko formula gisa”.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Urdaibaiko museoen etorkizuneko bi egoitzak trenbidez lotzeko proiektu azterlan bat martxan jartzea jasotzen du protokoloak. Hala, adierazi dutenez, geraleku berri bat eraiki beharko litzateke Muruetan, Guggenheim Museoaren erakusketa espazio berria ezartzea aurreikusten den lekuan. Aurkeztutako txostenaren arabera, horri esker, trena martxan jarri ahal izango litzateke “garraiobide segurua, fidagarria, bolumen handietarako malgua, eraginkorragoa eta iraunkorragoa gisa”. Gainera, Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzearen “bultzada potentzialaren” ondoriozko mugikortasuna kudeatzeko formula izango litzatekeela uste dute.
Protokoloak proiektuaren finantziazioaren inguruko aurreikuspena ere jasotzen du, Euskal Trenbide Sareak proiektua bideragarritzat jo eta Euskotrenekin batera lankidetza bultzatuz gero. Lau urterako akordioa sinatu dute, beste lau urte luzatzeko aukeragaz. Dioetenez, berariazko hitzarmenekin osatuko da, “azkenean martxan jarriko diren ekintzen finantzaketa, antolaketa eta betearazpena zehazteko”.