'El Vasco' filmaren aurrestreinaldia hartuko du bihar Nestor Basterretxea aretoak
Luzemetraiaren zuzendari Jabi Elortegi bermeotarra eta Joseba Usabiaga aktorea Bermeoko aurkezpenean egongo dira bihar.
Bermeoko Nestor Basterretxea aretoak El Vasco filmaren aurrestreinaldia hartuko du bihar. Sarreren prezioa 5,20 eurokoa izango da, eta proiekzioa 19:00etan hasiko da.
Gainera, luzemetraiaren zuzendari Jabi Elortegi bermeotarrak eta Joseba Usabiaga aktoreak aurkezpenean parte hartuko dutela jakitera eman dute, eta bertaratutakoek eurekin solasean aritzeko aukera edukiko dute filma ikusi ostean. “Garbi genuen aretoetara iritsi aurretik Bermeon egon behar genuela”, adierazi du Elortegik. Izan ere, El Vasco filma barikutik aurrera ikusi ahalko da zinema aretoetan. Elortegik herritarrak gonbidatu ditu filma ikustera.
Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak esan du “oso pozik” daudela estreinaldiagaz: “Zorte handia daukagu protagonistak gurekin egongo direlako. Aukera ezin hobea da euren lana ezagutzeko”.