EH Bilduk Gernikako Ospitalean bularreko minbiziaren detekzio proba gehiago egitea eskatu du
EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean. Besteak beste, arratsaldez ere probak egitea proposatu du, bai eta bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programa 45 eta 74 urte arteko emakumeei zabaltzea aztertzea ere.
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Gernikako Ospitalean bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programa hobetzeko.
Rebeka Uberak azaldu duenez, “mamografoa gutxiegi erabiltzen da Gernikan, ez zaio behar besteko etekina ateratzen, detekzio proba gehiago egiteko aukera egon badagoelako; aski litzateke arratsaldez ere probak egitea”. Horixe da, hain zuzen, EH Bilduk eskatu duena, detekzio probak arratsaldeko txandan ere egitea. Horrek itxaron zerrenda murriztea eta detekzio goiztiarrerako programaren emaitzak hobetzea ekarriko lukeela uste dute.
Uberak gogora ekarri du Europako Osasun komisarioak bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programetan adin tarteak zabaltzeko eskatu duela. EH Bilduk programa hori 45 eta 74 urte arteko emakumeei zabaltzea azter dezala eskatu dio Osasun Sailari. Izan ere, Jaurlaritzaren Onkologia Planaren arabera, emakumeen artean bularreko minbizia da “eragin handiena” duena.