Bizkaiko gune bisitatuenetakoa izan da Busturialdea-Urdaibai udan
Bizkaiko Foru Aldundiak udako turismo datuak argitaratu ditu. Aurtengo datuak 2019ko udagaz alderatu dituzte, pandemia dela eta 2020an eta 2021ean mugikortasuna mugatuta zegoelako. Bilbo eta Busturialdea-Urdaibai dira uda honetan bisitari gehien izan dituzten guneak, eta Ezkerraldean erregistratu dute bisita igoera handiena (%27,6).
Pandemia aurreko zifrak gainditu egin direla esan du Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo udako turismo datuak eskaintzerakoan. Turista gehiago etortzeaz gain, egonaldiak ere gehitu egin dira; 561.342 bisita eta 1.149.046 gaualdi erregistratu dituzte, 2019an baino %12,55 eta %10,33 gehiago, hurrenez hurren. Lurraldeko hiriburua eta Busturialdea-Urdaibai dira uda honetan bisitari gehien izan dituzten guneak.
Nahiz eta Bilbok turisten kontzentrazio gune nagusia izaten jarraitu (%66,5), turistek gero eta interes handiagoa dute lurraldeko beste gune batzuk bisitatzeko, eta horren erakusle dira datuak. Hain zuzen, aurtengo udako datuak 2019ko datuekin alderatu dituzte, urte horretan mugikortasuna ez zegoelako mugatuta.
Ezkerraldea da turismo hazkunderik handiena erregistratu duen eskualdea (%27,6), eta Lea-Artibai bigarrena da zerrendan (%25eko igoera). Atzetik datoz Arratia Nerbioi (+%8,1), Uribe Kosta (+%5,9) eta Enkarterri (+%3,3). “Busturialdeak, Eskuinaldeak eta Durangaldeak ere hazkundea eduki dute, baina apalagoa”.
Bilbo, behera. Eskualdeetako turismoak edukitako hezkundearen aurrean, Bilboko turismoaren jaitsiera azpimarratu dute; 2019tik 2022ra %11,6 jaitsi da.
Bizkaia bisitatzen duen turistaren profila ondokoa da: 47 urte ditu, bikotekidearekin eta bere ibilagiluan bidaiatzen du eta aisialdiagatik etortzen da
Turistek gehiago gastatu dutela ere ondorioztatu du Bizkaiko Turismo Behatokiak. “Turistek egonaldian egiten duten gastuaren hazkunde nabarmena erregistratu da”. Bataz beste, egonaldiko 794,4 euro gastatu ditu turista bakoitzak. Eta gehien gastatzen dutenak nortzuk diren ere jakin dute: britainiarrak (1.1015,8 euro) eta alemanak (768,4 euro). “Britainiarrek aurten 2019an gastatu zutenaren bikoitza gastatu dute (2019an 575 euro gastatu zituzten)”. Espainiatik etorritako turistei dagokienez, andaluziarrak dira gastu gehien egin dutenak (819,3 euro). Aldiz, gutxien gastatu dutenak madrildarrak izan dira (785,4).
Non gastatzen da gehien? Gastu gehienak ostatu eta jatetxeetan egin direla dio txostenak; bataz beste 333,3 ostatuetan eta 255,9 euro jatetxeetan.
Datuen arabera, Bizkaia bisitatzen duen turistaren profila ondokoa da: 47 urte ditu, bikotekidearekin eta bere ibilagiluan bidaiatzen du eta aisialdiagatik etortzen da. “Bataz beste, bost gaueko egonaldiak egiten dituzte”. Eta gehien egiten dituzten jarduerak kultur arlokoak direla ondorioztatu dute.
Aurreikuspenak. Bizkaia bisitatu dutenek euren aurreikuspenak “oso betetzat” jo dituzte (10etik 8,2 puntu), eta bereziki garraio publikoaren irisgarritasuna eta mugikortasuna baloratu dituzte (10etik 9,13 puntu). “Ibilbideek 8,18ko puntuazioa jaso dute, ostatuek 8,02 eta museo eta zentro turistikoek 8,01.
Gehiagotan etorri izan dira. Erregistratutako errepikapen tasa ere nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, inkestatukoen %65ak esan du lehenagotik ere Bizkaian egonda zegoela. “2019an inkestatutako hamar turistatik zazpik esan zuten lehen aldiz zetozela”.
Bizkaitarrek turismoa nola bizi duten aztertuta, turismoa onuragarria dela dionenen kopurua ere igo egin da; hamar egoliarretik bederatzik uste dute Bizkaiak turista gehiago erakartzen jarraitu behar duela
Eta nahiz eta lurraldean lo egin ez, egunpasa etortzen direnen kopuruak ere gora egin du. “Egunpasa etortzen direnek bataz beste 7,4 ordu egiten dituzte lurraldean”. Turista horietatik gehienak Espainiatik etorri dira (%95), eta jarduera gastronomikoak eta paseatu egin dute (%90,3 eta 84,2, hurrenez hurren). “Egunpasa etorri diren horien %90ak baino gehiagok esan du aurretik ere lurraldean egonda zegoela”. Eta txangozaleek lurraldean egiten duten gastua ere handitu egin da: bataz beste 58,7 euro gastatu dituzte, 2019an baino %2,3 gehiago.
Bizkaitarrek turismoa nola bizi duten aztertuta, turismoa onuragarria dela dionenen kopurua ere igo egin da. “2019an %96,9k uste zuen hori, eta aurten %97,4 dira”. Gainera, inkestatu gehienak harro sentitzen direla ondorioztatu dute. “Harrotasun sentimendu hori %87,8 izatetik %93,8 izatera pasatu da”. Oro har, turismoa zaindu egin behar dela dio gehiengoak. “Gizartea ados dago turisten presentzia bateragarria dela nortasun kulturala eusteagaz”. Bide horretatik hamar egoliarretik bederatzik uste dute Bizkaiak turista gehiago erakartzen jarraitu behar duela. “Uste dute turismoa aukera bat dela Bizkaian industria turistikoa garatzeko”.