Busturiko Gurasolagun egitasmoak 'Koloretako ziabogak' tailerra antolatu du barikurako
Gaur da izena emateko azken eguna. 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzita izena eman daiteke.
Maiatzerako antolatuta zegoen eta bertan behera geratu zen Koloretako ziabogak tailerra barikuan egingo dute. Busturiko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatu du tailerra Gurasolagun egitasmoaren baitan. Tailerrean parte hartu gura dutenek gaur dute izena emateko azken eguna, horretarako, 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi beharko da.
Tailerrak familian euskaraz jolasteko aukera emango du, eta Urtxintxa Aisialdi Hezitzailearen eta Suspertze Soziokulturalaren elkarteak eskainiko du. Izena ematen dutenek Altamirako plazan batuko dira, 17:30ean, jolasean aritzeko, (euria egingo balu, elizpean).
Jakitera eman dutenez, 6 urtetik aurrerako umeentzako tailer “aproposa” da. Saioaren metodologia “guztiz dinamikoa” izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta haurrak eta helduak elkarrekin arituko dira euskaraz ordubetez. Busturiko Udaletik gogorarazi dutenez, Gurasolagun egitasmoa duela urtebete sortu zen Busturian, “familia harremanetan euskara sustatzeko eta herriko familien arteko harremanak euskaraz izateko guneak sortzeko”.
“Busturia herri euskalduna da. Era berean, badakigu, euskara gure nortasunaren funtsezko parte izanik, familiarteko harremanetan eta harreman pertsonaletan euskara ez dala beti nagusitzen. Etxetik kanpo eta etxe barruan euskaraz harremanak izatea bat-batekoa eta naturala izateko, ekimen ludiko hau proposatzen dugu. Familietan harremanak, jolasak, elkarrizketak… euskaraz izan daitezen, funtsezkoa da gurasoen inplikazioa”, esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak. Hala, herritarrak animatu ditu tailerrean parte hartzera “familiartean, euskara bizirik mantentzeko”.