"Benetako ospitalea" eskatu dute Gernikan
Foruen plazan batu direnek Gernikako Ospitaleko hirugarren solairurako oheak eskatu dituzte, beste behin ere
Busturialdeko pentsiodunek euren aldarrikapenak zabaltzeko astelehenero egiten duten elkarretaratzea baliatuta, “benetako ospitale” bat aldarrikatu dute gaur pentsiodunekin batera, sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek.
Foruen plazan batu direnek Gernikako Ospitaleko hirugarren solairurako oheak eskatu dituzte, beste behin ere; gogora ekarri dute duela hamar urte ospitalea zabaldu zutenean, hirugarren solairuan 72 ohe jartzekoak zirela. Hamar urte beranduago, baina, “hutsik” jarraitzen duela salatu dute.
Gernikako Ospitaleak 57.000 biztanle artatzen dituela diote, horietatik, 13.403, 65 urtetik gorakoak direla adierazita: “519k gaixotasun pluripatologikoak dituzte. Adituak diren profesionalengandik jaso behar dute arreta patologikoa. Horregatik, kronikoen ospitale bat behar dugu”. Busturialdean horrelakorik ez dagoela salatu dute bertaratutakoek, “Gorliz edota Santa Marinaraino joan beharra daukagu”.
Osakidetzaren egoera “okerrera” doala salatu dute, gainera: “Lehen Mailako Arretan osasun langilerik ez dago, espezialistarik ere ez. Ginekologorik ez egotea oso kezkagarria da, eta itxaron zerrendak luzatu baino ez dira egiten. Gure eskualdean, gainera, egoera are bereziagoa da. Erditzeko Gurutzetako ospitalera joan beharra daukagu”. Horregatik, Galdakaoko Ospitalerako obstetrizia eta pediatria zerbitzuak eskatu dituzte.
Kritikatu dute Galdakaoko eta Basurtuko ospitaleak handitzea eta Durangon Bereizmen Handiko Zentro bat egitea erabaki dutela. “Ez dugu proiektu horien aurka egiten, baina Osakidetzari exijitzen diogu Gernika-Lumoko ospitalean inbertitzea, beharrezkoak diren zerbitzuak bete arte”, adierazi dute.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gainerako biztanleen eskubide berdinak eskatu dituzte. Hala, Gernikako Ospitalerako osasun zerbitzu hobeak eta “behingoz” oheak jartzea eskatu dute.