Azules tabernak irabazi du Gernika-Lumoko I. Gilda Txapelketa
Gernika-Lumoko I. Gilda Txapelketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo eguerdian (urriak 2), Adolfo Urioste Kalean. 12:00etatik aurrera epaimahaikideak partaideek aurkeztutako gildak probatzen egon ziren, eta Azules tabernaren jaso zituen puntu gehien. Txapela, gilda promozionatzeko publizitate kanpaina eta Gernikako Merkatari Elkartuen barneko establezimenduetan gastatzeko 200 euroko opari txartela irabazi ditu.
24 ostalaritza establezimenduk parte hartu dute; irailaren 23, 24, 25 eta 30ean eta urriaren 1ean eta 2an eskaini dituzte gildak, eta urriko datozen asteburuetan Azulesen ere probatu ahalko dira gilda irabazleak.
Gernikako Merkatari Elkartuak-en arduradunek azpimarratu dute “erantzuna ikaragarria” izan dela; 3.000 gilda inguru saldu dituzte. “Lehenengo aldia izateko kopurua oso ondo dago, gehiago ezin dugu eskatu. Parte hartzaileak oso pozik daude, ez bakarrik gehiago saldu dutelako, herrian ere mugimendua igarri da. Bigarren asteburuak Euskal Jaiagaz kointziditu du, eta horrek kontsumitzean ere eragiten du”.
Kalitatea. Era berean, azaldu dute txapelduna erabakitzea ez zela erraza izan epaimahaikideentzat: “Gaitz eduki zuten, maila altua egon da. Denek oso ondo egin dituzte, itzel”.
Ostalariak bakarrik ez, bezeroak ere saritu gura izan dituzte, eta hiru sari zozkatu dituzte. Tabernetan Gilda Txapelketa Txartelak banatu dituzte zozketan parte hartu gura izan dutenen artean. 2.879 txartel bete dituztela jakinarazi dute. “Pentsatzen genuen harrera gutxiago edukiko zuela, eta lehenengo asteburuan asko txartel barik geratu ziren”.