Osasun fisiko eta emozionala izango dute ardatz Ajangizko ikastaroek
Zapatuan hasi eta azaroaren 19ra bitartean bost jardunaldi teoriko eta praktiko egingo dituzte. Jardunaldiak kultur etxean egingo dituzte, 11:00etatik 12:30era bitartean.
Ongizate fisikoa eta psikoemozionala mantentzeko ikastaroak prestatu dituzte Ajangizen, aurten, lehenengoz. Hala, osasunaren oinarrietan –arnasketa, elikadura, ariketa fisikoa, atsedena eta pentsamendua– sakontzea helburu duten bost jardunaldi prestatu dituzte, eta, horietan, osasunaren kudeaketari zuzendutako erremintak eskainiko dizkiete bertaratzen diren herritarrei.
Urriaren 1etik azaroaren 19ra bitartean egingo dituzte saioak kultur etxean, 11:00etan hasi eta 12:30era bitartean.
Denetarik landuko dute saioetan, izan ere, arnasketa egokiari buruzko tailer teoriko eta praktikoa izango da lehenengoa, eta elikaduran jarriko dute arreta hurrengoan. Ariketa fisiko egokia izango dute aztergai hirugarrenean, eta atseden eta pentsamendu osasuntsu eta egokietan jarriko dute fokua azaroko bi azken jardunaldietan.
Osasun egoki bat sustatzea da udalaren zereginetako bat, eta hori bermatzeko saioak izango direla hurrengoak adierazi du Koldo Karbonell herriko alkateak: ”Beharrezkoa da osasun fisikoa zein psikoemozionala lantzea, eta horri dagokion denbora eskaintzea”.
Herrian adineko “jende dezente” dagoela adierazi du alkateak, eta horiek direla ikastaroetan izena eman dutenak azaldu du. Hala ere, nabarmendu du adin guztietako jendearentzako ekimena dela ikastaroena. “Bizitzarako baliagarriak diren gomendioak eskainiko dituzte adituek, eta herritarrek interesa dute”, gehitu du.
Herritarrek garrantzia handia ematen diote osasunari, eta horretan sakontzea “ezinbestekoa” dela dio Janire Intxausti herriko zinegotziak. Aitortu du Ajangizen yoga ikastaroak egiten dituztela, eta herritarrak “oso gustura” daudela. Izan ere, saio horietako batean erabaki zuten osasun egoki bat izateko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzeko tailerrak antolatzea. “Yogako saioa ematen duen Eli Ruizek proposatu zion ideia udalari, eta herritarren erantzuna ona zela ikusita, antolatzea erabaki dugu. Nork ez du nahi osasuntsu egon?”, dio.
Adituak
Udalerrira saioak eskaintzera bertaratuko diren profesionalak adituak direla adierazi du Intxaustik.
Hain zuzen ere, Amalia Holguin sukaldaria eta elikadura aholkularia, Mireia Domingo psikoterapeuta eta Ruiz yoga eta meditazio irakaslea izango dira saioak zuzentzeaz eta herritarrei erremintak eskaintzeaz arduratuko direnak.
Egitaraua
Etzi, zapatua: Arnasketa egokia.
Urriak 16, domeka: Elikadura egokia.
Urriak 29, zapatua: Ariketa fisiko egokia.
Azaroak 5, domeka: Atseden egokia.
Azaroak 19, zapatua: Pentsamendu egokia.