Norbanakoek ere izena eman dezakete Euskaraldian
Atzotik, Euskaraldiaren webgunean zein Turismo Bulegoan izena eman dezakete gernikarrek.
2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela iragarri zuten urte hasieran Korrikako eta Euskaraldiko arduradunek. Izan ere, aurtengoan, euskaltzaleak kalera ateratzeko, euskararen aldeko ekimen jendetsuak egiteko eta euskararen ezagutza zein erabilera aregotzeko urrats sendoak eman dira. Eta horretan jarraitzeko asmoz dute urte amaierara biartean.
Hori dela eta, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingod en Euskaraldian parte hartzeko izen emateak zabalik daude, eta entitateen izena ematea eta gero, ariketa sozialean parte hartu gura duten norbanakoen txanda da orain. Atzotik, Euskaraldiaren webgunean zein Turismo Bulegoan izena eman dezakete gernikarrek, euren parte hartzea berretsiz edo izena estreinakoz emanez.
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Hau da, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri. Ariketa edo praktika kolektiboa da, maila pertsonalean edota kolektiboan parte har daitekeena.