Morgako Nazioarteko 6. Putxera Lehiaketa, zapatuan
Indaba usaina nagusi izango da Morgan, zapatu honetan (urriak 1). Nazioarteko 6. Putxera Lehiaketa jokatuko dute, eta parte hartzeko asmoa daukatenek, 09:00etatik 11:00etara bitartean izena eman beharko dute (5 euro ordaindu beharko dira).
Parte hartzeko, baina, derrigorrez, antolatzaileek ezarritako baldintzak bete beharko dira. Indabak jendaurrean bertan prestatzeaz gain, Gernikako zein Tolosako indabak izan beharko dira, eta txorizoa, odolostea eta urdia ere beharrezko osagaiak dira. Indabak prestatzeko sua ikatza zein egurra erabilita egin ahalko dute.
Putxerak 13:00etatik 14:00etara aurkeztuko dituzte, eta, urtero legez, sari asko banatuko dituzte. Lehenengo hamarrak sarituko dituzte; besteak beste, 200 eta 20 euro arteko diru sariak, txakolin botilak eta gaztak banatuko dituzte.
Talde irabazleak txapela, pernil iberikoa, txakolin botilen sorta eta 200 euro jasoko ditu, eta, epaimahaiaren ustez, Morgako putxerarik onena egiten duen talde edo norbanakoarentzat txapela, txakolin botilak eta 50 euro izango dira.
Pataterrixe Kultur Elkarteak antolatzen du lehiaketa, udala eta beste hainbat babesleren laguntzagaz, eta jakinarazi dute giroa alaitzeko “musika talde berezia” egongo dela.