Euskal izaeraren eta ohituren eguna
Hamahirugarrenez, Euskal Jaia ospatuko dute bihar Gernika-Lumon. Hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko egunean, Urdaibai Kantaguneko ordezkariak igoko dira kultur etxeko balkoira, eta handik irakurriko dute jai hasierako pregoia.
Euskal izaera, kultura eta ohiturak plazaratzeko eguna da urriko lehenengo zapatua Gernika-Lumon. Goizetik hasita, euskal ohituren agertokia izaten da udalerria, eta, bi urteren ostean, tradizioek jantziko dute plaza oraingoan.
Baserritar arropak armairuan aurkitu eta horiek jantzita aterako dira herritarrak kalera. Euskal musikak girotuko du udalerria, txistulariek doinuz beteko dituzte txokoak eta herri kirolek hartuko dute kalea. Hamahirugarren urtez, goizetik gauera arteko egitaraua prestatu du udalak, eta jai girorik ez dela faltako ziurtatu dute.
2019an Piratak Herri Kirol Taldeak bota zuen pregoia, eta, aurten, Urdaibai Kantagunea izango da egunari hasiera emateaz arduratuko dena; euren ibilbidea eta Euskal Jaia prestatzeko urtez urte izan duten konpromisoa nabarmendu gura izan dute antolatzaileek. 12:00etan, Kultur Etxetik irakurriko dute pregoia, eta jarraian jaurtiko dute txupina. Irrintzilariak eta bertsolariak ere egongo dira hasiera ekitaldian.
Euskal Jaia, baina, txupina bota aurretik hasiko da, Azoka Bereziaz gozateko aukera izango baitute gernikarrek Merkatu plazan. Amorotoko Ibai-Ganekoek prestatutako sukalkia protagonista izango duen azokako ateak 09:00etan zabalduko dituzte, eta hamabi baserritarren zein ekoizleren produktuak dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Gainera, artisauek ere euren produktuak izango dituzte salgai.
Umeen txokoa ere egongo da plazan, Ure taldearen eskutik.
Pregoiagaz batera, baina, jai giroak hartuko du udalerria. Izan ere, kantuz eta doinuz beteko dituzte txoko guztiak. Urdaibai Kantaguneaz gain, hainbat udalerritako kantuzaleak bertaratuko dira, eta ahots guztiek bat eginda abestuko dituzte euskal kulturan ezagunak diren kantuak. Eurez gain, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa ikasleen doinuak entzungo dira kalerik kale. Eta Gazteak txistulariak, Busturialdeko gaiteruak eta trikitilariak ere aterako dira kalera.
Euskal tradizioari jarraiki, euskal dantzak ere ikusi ahalko dira udalerrian. Elai-Alaikoek, urtero legez, udalerriko kaleetan dantzatuko dute, eta, saioagaz amaitzeko, Erregelak dantzatuko dituzte Merkurio inguruan. Euskal Jaia antolatzen hasi zirenean, Erregelak berreskuratzeko helbruua jarri zuten, euskal tradizio eta dantzak balioan jartzeko asmoz. “Dantza autoktono horri duen garrantzia eman behar zaio”, diote.
Euskal dantzen ikuskizunaz gain, Kukai Datzak eta Tanttaka Teatroak prestatutako Hnuy Illa ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Lizeo Antzokian, 19:00etan.
Arratzuko Piratak Herri Kirol taldekoen eskutik, herri kirolen erakustaldia ere ez da faltako Artekale kalean.
500 lagun herri bazkarian.
Eguerdian, urtero legez, Merkatu plazara joango dira herritarrak, eta herri bazkarian elkartuko dira. Indabak, makailoa eta postrea jango dituzte, ardo eta kafeagaz lagunduta. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 500 lagunek eman dute izena, eta 400dik gora dira Euskal Herriko Kantuzaleen Elkartekoak.
Iluntzean, EinGo Eskolak girotuko ditu kaleak, eta, gauean, berriz, Trikizio erromeria taldeak hartuko du horien erreleboa Pasealekuan.
Euskal hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko jaia da biharkoa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.