Energiaren eta Klimaren Astea borobiltzeko jarduerak
Ean, Bermeon, Busturian, Muxikan eta Nabarnizen Asteklimagaz lotutako ekintzak egingo dituzte barikutik domekara bitartean.
Energia eta klima trantsizioaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea helburu duen Energiaren eta Klimaren Astean, Astekliman, ekintzak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan. Aurreko asteburuan eta aste honetan Bermeon, Nabarnizen eta Muxikan egin dituzte, eta barikutik domekara (irailak 30-urriak 2) ere doako eskaintza oparoa dago Bermeon, Ean, Busturian, Muxikan eta Nabarnizen.
Muxikan aurreko domekatik domeka honetara bitartean azokak, tailerrak eta proiekzioak prestatu dituzte. Bihar (irailak 29), 11:30ean, Amalur, etxe hegalaria umeentzako proiekzioa eskainiko dute, eta, 19:00etatik aurrera, ostera , Monopolia: Agua, negocio y poder nagusientzako dokumentala emango dute Zubieta Errotan.
Domekan, berriz, Bigarren Eskuko Azoka izango dute Zubieta Errota aurreko aparkalekuan.
Eako barikuko Zure ohiturak eta aldaketa klimatikoa partaidetza tailerrean (Ricardo Gamaza kazetari eta ingurumen-dibulgatzaileak zuzendutakoa) eguneroko ohiturak aldatzea proposatuko dute klima aldaketaren kontrako neurri legez; ikus-entzunezko materiala erabiliko dute. Zapatuko Nola ekoitzi klima-aldaketaren aurka borrokatzeko kontzientziazio-bideoak? ikus-entzunezko tailerrean, berriz, etxean egindako bitartekoekin low cost bideoak ekoitziko dituzte, “klima-aldaketaren aurkako borrokan herritarren kontzientziazioa zabaltzeko eta sortzeko”.
Nabarnizen ere “teoria praktikara aplikatzen” saiatuko dira; Markina-Xemeingo Barrizar Kooperatibako ordezkarien eskutik, norberak etxean energia zelan sortu ahal duen jakiteko “aukera errealak irakatsiko” dituzte, ohiko instalazioak azalduz zein kasu errealen adibideak jarriz. Bermeotarrek, berriz, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko hitzordua daukate zapatuan.
Bestalde, Busturiko Ekoetxea Urdaibain eta BBK Klima Abentura zentroetan ere hamaika aukera daude. Adibidez, bietan ihes gelak edo jokoak egingo dituzte. Adibidez, Ekoetxeakoa erronka klimatikoari eta honi aurre egiteko moduari buruzko ihes-jokoa da. Helburu orokorra, lankidetzaren eta dibertsioaren bidez, jasangarritasunaren aldeko ohiturak ezagutzea da: “Ohitura horiek klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen dute, banakako ekintza txikien bidez, eta, beste pertsona batzuenekin batera, ekarpena handiagoa izan daiteke”.
Halaber, klima aldaketa eta bere eragina zer diren oso modu praktikoan umeei ulertarazteko da Ura laborategian tailer zientifikoa, eta baita CO2-a eta klimak duen garrantzia, euri azidoa, pH-aren adierazleak eta klima aldaketaren aurkako borrokan funtseskoak diren teknologiak ezagutaraztea ere.
BBK Klima Abentura parkeko Ura, Energia eta Janaria Erronkak saioak erronken bidez etorkizun jasangarria gauzatzen ikasteko eta aldaketaren parte izateko helburua dauka. Erronka bakoitzean sei proba/instalazio gainditu beharko dituzte (gutxi gorabehera 2 eta 3 ordu arteko iraupena du) .
Egutegia:
*BERMEO
- Urriak 1, zapatua (09:30): Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana (Eneperi jatetxearen aparkalekuan elkartuko dira).
*EA
- Irailak 30, barikua (18:00): Zure ohiturak eta aldaketa klimatikoa partaidetza tailerra, Ricardo Gamaza kazetari eta ingurumen-dibulgatzaileak zuzenduta, Eskolondon.
- Urriak 1, zapatua (11:00): Nola ekoitzi klima-aldaketaren aurka borrokatzeko kontzientziazio-bideoak? ikus-entzunezko tailerra, Eskolondon.
- Urriak 8, zapatua (11:00): Plastikoen erabilera murrizteari buruzko lantegi parte hartzailea, Eskolondon.
- Oharra: Publiko orokorrari zuzendutako tailerrak dira, 2 orduko iraupenagaz, eta ez da izenik eman behar.
*NABARNIZ
- Irailak 30, barikua (19:00): Energia sorkuntza gure etxean, Gizarte lokalean.
*MUXIKA
- Irailak 29, eguena: Amalur, etxe hegalaria umeentzako proiekzioa 11:30ean, eta Monopolia: Agua, negocio y poder nagusientzako dokumentala, 19:00etan.
- Urriak 2, domeka (10:00-14:00): Bigarren Eskuko Azoka, Zubieta Errota aurrean.
*BUSTURIA (Ekoetxea Urdaibai)
- Urriak 1, zapatua (11:00-13:00): Aldaketak. Zer gertatzen zaio gure planetari? tailerra, 3 urtetik aurrerakoentzat.
- Urriak 1, zapatua (17:00-18:00): Ura laborategian tailer zientifikoa, 3 urtetik aurrerakoentzat.
- Urriak 1, zapatua (17:00-18:30): Terminus ihes-jokoa, 12 urtetik aurrerakoentzat.
- Oharra: Izen ematea: 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus.
*BUSTURIA (BBK Klima Abentura)
- Urriak 1, zapatua eta urriak 2, domeka (11:00-19:00): Ura, Energia eta Janaria Erronkak, Ihes gela eta Klimasfera.
- Oharra: Izen ematea: www.klima.bbk.eus/entradas (Promozio kodea ASTEKLIMA22)