Bermeoko euskarari "indarra eta prestigioa" ematera dator 'Eingule?' ekimena
Banaka jolasteko zortzi lehiaketa eta lehiaketa herrikoia antolatu dituzte. Ikastetxeek euren txokoa izango dute. Juan Lebatz pertsonaia ere asmatu dute, lehiaketari testuingurua emateko.
Bermeoko euskarari “indarra eta prestigioa” emateko helburua dauka Bermeoko Udalak abiarazi duen Eingule? ekimenak. Bermeo eta bermeotarren identitatea ere zabaldu gura dituzte eta jolasaren bidez egingo dute, “modu dibertigarri batean”.
“Hizkerak gure nortasuna definitzen du, eta gurea indartzera gatoz” dio euskara zinegotzi Kepa Zumetak. Bermeon, bermeotarrez egitea “normala eta naturala” dela gogorarazi gura izan du; “itsosupeteko” berbeta daukagula nabarmendu du, “harro” sentitzekoa. Zumetaren ustez, konplexuak alde batera uztea “beharrezkoa” da: “Gure herriko berbeta ikara barik, konplexu barik eta harrotasun handiz erabili behar dugu. Euskararik hobeena erabiltzen den hori da”.
Hala, datorren astelehena (urriak 3) eta abenduak 3 (Euskaren Nazioarteko Eguna) bitartean, gazte zein helduek Eingule? lehiaketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Astero, astelehenetan, lehiaketa berri bat kaleratuko dute, eta herritarrek astebete edukiko dute parte hartzeko. Lehiaketa eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen, sare sozialen eta WhatsApp bidez zabalduko da, eta astero sari bat emango da.
Pertsonaia bat ere asmatu dute lehiaketari testuingurua emateko: Juan Lebatz. Goizetik gauera bere bizimodua aldatu gura duen pertsonaia da Juan Lebatz. Web serie baten bitartez, bere bizipenak jarraitzera animatuko ditu herritarrak. Berbak aitzaki hartuta, gainera, kale elkarrizketak egingo ditu herritarren partaidetza sustatuz.
Kanpainari amaiera emateko, berriz, lehiaketa herrikoia egingo dute Euskararen Egunean, Kafe Antzokian. Parte hartzaileek banaka zein taldeka jolasteko aukera edukiko dute, eta irabazleentzako sariak egongo dira.
Ikastetxeak. Kanpaina geletara ere eroan gura izan da gazteak erakartzeko. Horretarako herriko lau ikastetxeei lanketa berezi bat proposatu zaie, geletan zortzi astetan landuko dutena. Zortzi atal zehaztu dira: berbak eta esaerak; euskara; kultura eta sortzaileak; toponimia, geografia eta natura; eraikinak eta eskulturak; kirola; arrantza eta itsasoa; eta, ohiturak eta sinesmenak.
Irakasleek, gainera, txoko bat daukate ekimenaren webgunean, “bakoitzak modu autonomoan egingo duen lanketa gidatzeko eta errazteko”. Ikastetxeentzat ere lehiaketa berezia antolatuko dute Euskararen Egunean.
Sagrado Corazon ikastetxeko Amaia Basterretxeak esan du ikastetxe guztien erronka dela euskararen erabilera. Ikastetxetik kanpo herri mailan antolatutako ekimen bat “garrantzitsua” dela dio: “Arazoa gzutiona da eta guztion artean konpondu beharra daukagu”.
Eleizalde Ikastolako Urko Goitiak uste du herritartasuna “bai edo bai” landu beharko litzatekeen gauza bat dela; “jolas modura landuta, gainera, beste puntu bat emango dio, denok irabaziko dugu”.
Eingule? ekimenak gazteak erakartzeko balioko duela uste du Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHIko Iker Bilbaok, “guzti honen ardatza eurak baitira, eta protagonismo hori merezi dute”.
Ikastetxe guztiek euskara “ardatz” daukatela dio San Frantzisko Herri Ikastetxeko Eider Bilbaok: “Pentsatzen dugu herri euskaldun batean bizi garela eta gero eta zailtasun handiagoa dago gazteak erakartzeko. Jolas hau polita eta erakargarria izan daiteke gazteentzat. Lehiakortasun puntua ere gustuko dute eta baliagarria izan daiteke”.
700 galdera. Elkarlanean sortutako proiektua dela aipatu dute, hasieratik tokiko eragileekin elkarlana sustatu dela aipatuta. Hala, banatuko diren sari guztien atzetik tokiko merkatari, ostalari zein negozioak daude: “Sari asko eta onak egongo dira”.
Maite Zarate euskara teknikariak gogoan eduki gura izan ditu proiektuaren hasierako lanetan ibili ziren herritarrak ere. Galderak prestatzen ibili ziren, eta 700 prestatu zituzten. Dioenez, denak ezingo dira aurten erabili, hortaz, hurrengo urteetarako materiala ere badagoela esan du.
Bereziki irakasleei eskerrak emateko tartea hartu du Zaratek: “Eurak izango dira ikasleak motibatzeko lana hartuko dutenak, eta gazteen artean lehiaketari martxa emateko balioko du”.
Astelehenetik aurrera, hortaz, martxan egongo da lehenengo lehiaketa, eta webgunea “erraza” dela zehaztu dute. Sare sozialetan, Instagram eta Twitterren, @eingule_ profilak zabaldu dituzte, eta horietatik ere zabalduko dute informazioa.
Ekimena martxan jartzeagaz batera, zozketa bat egingo dute. Herritar guztiak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera eta ondo pasatzera.