Pandemia aurreko bisitari kopurua berreskuratu du Bakearen Museoak udan
15.454 bisita jaso ditu Bakearen Museoak uztailean eta abuztuan, pandemia aurreko datuak berreskuratuz. Urtean, 32.976 bisitari zenbatu dituzte. Halaber, aldi baterako erakusketa jarriko du: 'Emakumeak eta haurrak gerran dagoen Europa batean (1914-1949)'.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak bisitari kopuru “oso onagaz” amaitu du uda. Aurtengo uztailean eta abuztuan aurreko bi urteetako bisitari kopurua “nabarmen” gainditu du, 15.454 bisita jasoz; 6.001 bisita uztailean eta 9.453 abuztuan. Jakinarazi dutenez, iaz 13.038 bisitari zenbatu zituzten bi hilabete horietan.
Estatistikek argi erakusten dute, beraz, bisitariek Gernikako Bakearen Museoarekiko duten jarrera ona, bai musoaren barneko erakusketekiko zein kanpoko bisita gidatuekiko. Herrian zehar egiten dituzte bisita gidatuetan udalerriko berreraikuntza lantzen dute, baita herriko monumentuak ezagutu eta Gernikako memorian sakondu ere. Picasso eta Guernica koadroari buruz berba egiteaz gain, herrian dauden babeslekuak ezagutarazten dituzte.
Udako bisita gehienak Espainiar estatutik bertaratutakoak izan dira: 6.790 hain zuzen. Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik, berriz, 997 bisitari bertaratu dira, eta Amerikatik 846.
Hala ere, urtarriletik abuztura arteko datuak kontuan hartuta, 32.976 bisitari izan ditu museoak aurten. Iaz, 23.693 izan zituen, baina, kontutan hartu behar da, pandemiaren ondorioz, apirilean zabaldu zutela museoa. 2019an, berriz, 53.122 bisitari erregistratu zituzten: “Abuzturaren amierarako, aurreko urte osoko zifrak gainditu dira, eta, beraz, museoak urte on bat ixtea aurreikusten dugu, 2019ko zifra errekorretara hurbilduz, baina horiek gainditzea lortu barik”.
Urte osoko datuak kontuan izanda, uda sasoian bertaratu dira bisitari gehienak; hala ere, nabarmentzekoa da apirilean eta maiatzean 5.000 bisitariren kopurua gainditu izana: 5.588 bisitari zenbatu zituzten apirilean, eta 5.170, berriz, maiatzean. Ekainean ere datu onak erregistratu zituzten, 4.16 bisitarigaz.
Denen artean, europearrak izan dira gehienak: 14.808. Horietako 11.198 Espainiar estatutik bertaratu dira, eta 4.713 izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik hurreratutakoak.
Proiektu berriak.
Halaber, aldi baterako erakusketa berria jarriko dute: Emakumeak eta haurrak gerran dagoen Europa batean (1914-1949) izenekoa. Hiru modulu tematikoren bidez, Europako gerra gatazketan gertatzen ziren mobilizazioetan eta emakumeen konpromiso humanitarioan oinarritzen da. “Erakusketa honen bidez, XX. mendeko Europako historiako garairik gogorrenetariko batean elkartasunak eta gizateriak izan duten garrantziaz ohartarazi nahi zaigu. Garai horretan, giza galera handiak, suntsipen masiboak, nekeak, biztanleriaren desplazamenduak, goseteak, barneratzeak, deportazioak, lan behartuak, genozidioa eta gerraren eta horren ondoriozko exterminioa izan ziren nagusi”, azaldu dute museoko arduradunek.
Erakusketa 2022ko irailaren 21etik abenduaren 29ra bitartean ikusi ahalko da, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete museoko arduradunek.
Horrez gain, urteko azken hilabeteak “lan handiko hilabeteak” izango direla adierazi dute,, izan ere nazioarteko proiektuetan parte hartuko du museoak. EUROM Europako memorien behatokiarekin batera, Memoria eta Turismoari buruz online mintegi bat antolatuko du azaroaren 8an eta 9an, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Espainiako, Argentinako, Japoniako, Alemaniako eta Poloniako museo eta hizlari ospetsuen parte hartzeagaz.
Era berean, abenduaren 2tik 4ra bitartean, museoak Gernika, Durango, Granollers, Bartzelona eta Italiako beste hainbat lekutako elkarteekin lankidetzan, 36ko gerran Italiak izandako parte hartzeari buruzko nazioarteko lehen topaketa bat antolatuko du.