Nekazarien, artisauen eta beste askoren aterpe
Nekazari eta Eskulangileen Azoka egin zuten Muxikako Kurtzero auzoan, domekan (irailak 25). Askotariko eskaintzak erakarrita jende asko batu zen bertan. Zaparrada bat edo beste jauzi bazen ere, aterri eutsi zion tarte zabaletan, eta hurreratu zirenek giro bikaina eduki zuten.
10:00ak alderako prest zeuden erakusmahaiak, eta trikitilariek doinua jarri zioten azokari, goizetik bazkalordura arte. Hala, taloak egiten ibili ziren goizeko lehenengo ordutik, eta eguerdiko orduetan ilara luzeak sortu ziren.
11:30ean udalerriko Basotxoritxu Dantza Taldekoen saioaz gozatu zuten bertaratutakoek. Jarraian, herri kirol erakustaldi ederra eskaini zuten Mikel Lopategi, Irati Astondoa, Uxue Ansorregi, Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi Txikia IV kirolariek. Lopategi Euskadiko txapeldunak harri jasotze saioa egin zuen, eta, ostean, gainontzeko laurak aizkoran, trontzan, korrika eta txingak eroaten lehiatu ziren.
Gainera, herri kiroletan aritzeko aukera eskaini zuten, eta zenbait ume animatu ziren trontzan, harria jasotzera eta txingak eroatera.
Herri kirolen ostean, “KM 0ko bertsolarien” txanda izan zen. Asier Galarza, Koldo Gezuraga eta Onintza Enbeita aritu ziren bertsotan.