Mundakako Udalak herritarren lehentasunak ezagutu gura ditu
Bi ariketa "erraz" dituen galdetegi bat prestatu dute, eta urriaren 5a izango da galdetegia aurkezteko azken eguna.
2023. urteko udal aurrekontua egiten hasi orduko, herritarren iritziak ezagutu gura ditu Mundakako Udalak, eta horretarako partaidetza prozesua abiarazi du. Izan ere, herrirako “onuragarriak diren lehentasunei eta ekintzei” buruz herritarrek daukaten iritzia “zuzenean” ezagutzea daukate asmo.
Hala, Bi ariketa “erraz” prestatu dituzte, galdetegi modura. Alde batetik, herritar bakoitzak bere lehentasunak ezarri beharko ditu hainbat jarduera eremuen inguruan: kultura eta kirola, arlo soziala, berraktibazio ekonomikoa, garbitasuna, irisgarritasuna eta mugikortasuna eta segurtasuna. Bestetik, epe ertain-laburrean herria hobetzen lagunduko duten ideiak, proiektuak eta ekintzak proposatu ahalko dituzte herritarrek.
Galdetegiak herritarren eskura jarri dituzte Mundakako Udalaren webgunean, udal bulegoetan, udal liburutegian eta Turismo Bulegoan; udaltzainei eskatzeko aukera ere badagoela zehaztu dute.
Behin galdetegia beteta, udal bulegoetan utzi ahalko da edo gaztebuzoia.mundaka@euskalnet.net posta elektronikora bidali daiteke. Galdetegia aurkezteko azken eguna urriaren 5a (eguaztena) da. Ondoren, udalak, jasotako ekarpen guztiak aztertzeko konpromisoa hartu du, eta 2023ko aurrekontua egiterako orduan kontuan izango dituztela azaldu dute, “bere eskumen eta gaitasun ekonomikoaren barruan”.