Bizikleta adin denentzako tresna gisa aldarrikatu dute asteburuan
Bizikletaren Astearen barruan, Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak Lumora kronoigoera, ginkana eta ume nahiz familientzako bizikleta ibilbidea egin dute zapatu-domekan. Eguraldi eskasak ez du oztopatu parte hartze ona edukitzea, eta txirrindularitza asteburu ederraz gozatu dute.
Bizikletak protagonista izan dira Gernika-Lumon. Bizikletaren Astearen barruan, ekintzaz betetako asteburua egon da, Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Zapatuan, Lumora kronoigoera egin zuten. Euriak asko zaildu zituen parte hartzaile guztien pedalkadak, baina horrek ez zuen ekidin giro ederraz eta txirrindularitzaz gozatzea. Eguraldiaren gogortasuna gehien sufritu zutenak irtetzen lehenengoak izan ziren: umeak. 16:00etan eman zieten hasiera proba horri, eta gaztetxoenek “denbora marka oso onak” ezarri zituzten, antolatzaileen arabera.
Nagusien proba 18:00etan abiatu zuten, eguraldi hobexeagoagaz eta 67 ziklistako parte hartzeagaz. Txirrindulariak zein baino zein gehiago aritu ziren, eta Xabier Aransolo gernika-lumotarrak poltsikoratu zuen garaipena. Afizionatu mailako ziklistak 04.24ko denbora behar izan zuen Pasealekutik Lumoko enparantzara arteko kilometro eta erdi inguruko aldapa igotzeko. Bigarren postuan, Iban Uberuaga sailkatu zen, eta Ander Irazabal izan zen hirugarrena. Aransolo Ekaitz Lejarzegi ajangiztarraren errekorretik hurre geratu zen. Lejarzegiren denbora, orain arte inoiz egindako bizkorrena, 04.20koa da, eta Aransolok lau segundo gehiago behar izan zituen, igoera burutzeko. Emakumezkoen artean azkarrena Uxue Juanez izan zen, 06.43ko denbora eginda. Lehiaz harago, sari emate ekitaldian lagunarteko giroa nabarmendu zen. Hain zuzen ere, tokiko ekoizleen zein negozioen produktuak parte hartzaile denen artean zozkatu zituzten.
Bizikleta, aldarrikapen gisa. Domekan jai giroak jarraitu zuen Gernika-Lumon, ume nahiz familientzako ginkana egin zuten. 30 haur inguru hurreratu ziren jolas horietara, eta Aixerrotapeko antolatzaileak “pozik” agertu dira izandako harreragaz. Ostean, bizikleta ibilbidea egin zuten Gernika-Lumoko kale zein auzoetan barrena, eta zeharkaldi horrek ere parte hartze “nabarmena” eduki zuen. “Hainbat eta hainbat pertsonak esan digute ibilbidean parte hartzekotan zeudela, baina eguerdian eurite handia izan zen, eta horrek atzera bota zituen; dena dela, pozarren gaude parte hartzeagaz, eta gure balorazioa positiboa da, are parte hartze handiagoa egon zitekeela jakin badakigun arren”.
Ibilbide horretan, besteak beste, bizikleta garraiobide, asisialdirako elementu eta, oro har, “bizi estilo modura” erabiltzea aldarrikatu zuten, eta jendearen erantzuna “oso baikorra” izan zen, argitu dutenez. “Gernika-Lumon bizikletagaz funtzionatzea posible dela azpimarratu gura dugu; oraindik kotxe askoko eremua da, baina urratsak egiten ari gara, eta jarraituko dugu”, adierazi dute. Urrats horien artean, bidegorria dute hizpide Aixerrotapekoek: “Elementu oso garrantzitsua da herrian, baina asko du hobetzeko; esate baterako, Santanape polikiroldegira edota Urbietako instalazioetara luzatu behar da, eta tarte horiek seguru, erabilgarri eta erakargarri bihurtu”.
Hurrengo urtera begira, aurtengo eredua, parte hartzea eta babesa “mantentzea” dute jomuga; horregaz batera, baita emakumezkoen esku hartzea hauspotzea ere. “Emakumeak geroz eta gehiago dabiltza bizikletan, hori egunero-egunero ikusten dugun errealitatea da, baina horrelako ekimenetara animatzea lortu behar dugu”, azaldu dute.