Kultur ekimenez beteteko astea dakar Mareak Jaialdiak
Urriaren 1etik 7ra bitartean ospatuko da abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen jaialdia. Arte diziplina ezberdinetako jarduerak egongo dira aukeran.
Beste urte batez, badator abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen Mareak Jaialdia, eta zortzigarren aldia ere jardueraz beteta dator. Hala, antolatzaileek kultur ekimenez beteko dute Bermeo urriaren 1etik 7ra bitartean.
Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000ak antolatu dute jaialdia, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Urtero modura, hainbat arte diziplinatako ekimenak eskainiko ditu, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak batzeko helburuagaz.
Kontzertuak, ibilaldiak, kontalariak, proiekzioak… Denetara hamar kultur ekitaldi, eta horietako asko doakoak. Aurten, gainera, sarrerak ez dira aurretiaz erosi beharko, lehiatiletan salgai egongo baitira.
Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetaren esanetan, Mareak Jaialdiak “merezimendu osoz” irabazi du bere espazioa Bermeon: “Ohikoak ez diren ekitaldi kulturalak ikusteko aukera ematen digu jaialdiak. Aurten, gainera, bere ohiko formatuarekin itzuliko da eta oso pozik gaude”.
Ane Ortube antolatzailea ere “oso pozik” agertu da jaialdia beste behin antolatu ahal izan dutelako: “Ikusten dugu jendea hurbiltzen dela inguruko herrietatik ere”. Mareak Jaialdia 2aste kulturala” izango dela esan du, urriaren 1etik 7ra bitarteko asteko egun guztietan jarduera bat edo beste egongo dela nabarmenduta.
Jaialdia iragartzeko Oskar Benasek egin duen kartelari aipamena egin gura izan dio Ortubek, “kutsu bermeotarra” ematea lortu duelako.
Hemen sakatuta ikusi daiteke Mareak Jaialdiaren egitaraua.