Klima aldaketa arintzeko plan integratuan herritarren partaidetza bermatu gura du Gernika-Lumoko Udalak
Klima Aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua prestatzen ari da udala, eta herritarren iritzi eta ekarpanak jasotzeko parte hartze prozesua zabaldu du: irailaren 29rako partaidetza saioa prestatu du.
2050era begira, Klima Aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua prestatzen ari da Gernika-Lumoko Udala, eta plan integratuan herritarren iritzi eta ekarpanak jasotzeko asmoz, parte hartze prozesua zabaldu du udalak.
Hala, irailaren 29rako partaidetza saioa prestatu du udalak, presentziala izango dena eta 17:30etik 19:00etara arte iraungo duena. Saiora joateko izena eman behar da aurretiaz, eta hori udalaren webguneko idazkia beteta egin ahal izango da. Udalak herritarrei bertaratzeko deia egin diete, izan ere, saio horri esker, herritarrek eta eragileek dagoeneko eginda dagoen diagnostikoa ezagutu eta plan integratuan sartuko diren ekintzak zehazteko proposamenak egin ahalko dituzte.
Izan ere, idatzita dago Gernika-Lumoko berotegi efektuko gasen emisio maila zein den eta udalerriak etorkizunean izan ditzakeen klima arriskuak aztertzen dituen diagnostikoa. Orain, parte hartzeko prozesua zabaldu dute, eta udal agintariek jakinarazi dutenez, egindako diagnostikoa ezagutzeko eta gai horri buruz herritarrek duten ikuspegia eta egin ditzaketen ekarpenak zein diren jasotzeko balioko du saioak. “Parte hartzeko saioan, egindako diagnostikoaren ondorio nagusiak aztertuko dira, udalerriaren abiapuntua ezagutarazteko, eta, jarraian, egoera horri buruz iritzia emateko eta jarduteko proposamenak egiteko tarte bat zabalduko da”, azaldu dute. Ideiak batzeko tartearen ondoren, proiektuaren hurrengo urratsak zeintzuk diren azalduko dute arduradunek.
Parte hartze saioagaz, udalerriaren errealitatera egokitutako plan bat garatu gura dute, udalerriko eragile sozial eta ekonomikoen ikuspuntua barne hartzen duena.
Klima aldaketaren ondorioak arintzea.
Planaren helburua da, alde batetik, Gernika-Lumoren ingurune naturala eta sistema sozioekonomikoa klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko gaitasuna areagotzea, eta, bestetik, udalerrian sortutako berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko neurriak proposatzea.
Udaletik zehaztu dute, Gernika-Lumok urteak daramatzala jasangarritasunaren arloan lanean, 2030 Agendaren bidez: “2019an udalak klima larrialdia dagoela adierazi zuen, eta klima ekintzarako politikekiko konpromisoa erakutsi zuen”. Poriektu honen bidez, hain zuzen, udalak udalerriaren diagnostikoan “sakondu” gura duela adierazi du, eta zenbait ildo estrategiko eta funtsezko ekintza ezarri gura dituela azpimarratu du, “udalerriak klima aldaketari egiten dion ekarpena murrizteko eta klima aldaketaren erresilientzia handitzeko”.
Testuinguru horretan, nabarmendu dute udala LIFE IP Urban Klima proiektuaren parte dela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan datozen urteetarako klima ekintzarako proiekturik handienetako baten parte: “Horren bidez lan egin ahal izango dugu gure lurraldea klima aldaketara egokitzeko”.
Partaidetza saioa.
17:30–17:40. Ongietorria, esker onak eta saioaren aurkezpena.
17:40–18:10. Gernika-Lumoko klima-aldaketaren diagnostikoaren aurkezpena.
18:10–18:20. Talde-dinamikaren aurkezpena.
18:20–19:20. Talde-lana: Brainstorming-ekarpenak.
19:20–19:40. Bateratze-lana.
19:20–19:50. Hurrengo urratsak.
19:50–20:00. Itxiera eta eskerrak.