Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia egin dute Gorbeiatik
Deiadar Mendien Eguna ospatu zen zapatuan [irailak 24] Gorbeian. Datorren urteko Kolitzako igoera antolatuko duen Balmasedako Mendi Taldeak hartu zuen adarra.
Pandemia dela-eta urte bi isilik egon eta gero, Batzar Nagusietarako deia entzun zen berriro zapatuan [irailak 24] Gorbeian. Euria egin arren, asko izan ziren Gorbeiako tontorrera igo zirenak Deiadar Mendien Egunean parte hartzeko.
Batzar Nagusiek Lemoako Ganzabal mendi taldeagaz elkarlanean antolatutako mendi martxa 09:30ean abiatu zen Pagomakurratik. Taldeka, ordu biko ibilaldiaren ostean heldu ziren Bizkaiko mendirik altuenak dituen 1.481 metrora, eta tontorrera igon eta gero, Arrabako babeslekura jeitsi ziren, euria eta behelainoa zeudela-eta bertan egin zen ekitaldi nagusia.
Deiadar Mendien protokoloa jarraituta, Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariak, ekitaldi horretarako apropos egindako adar ofiziala eman zion datorren urteko Kolitzako igoera antolatuko duen Balmaseda Mendi Taldea klubeko ordezkariari, eta adar jotzea eta ohorezko aurreskua egin ziren ondoren.
Ekitaldian egon zen besteak beste, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria lurraldeko beste ordezkari hautetsi batzuekin batera. Otaduik eskerrak eman zizkien igoeran parte hartu zuten guztiei, eta gogorarazi zuen Batzar Nagusiek Bizkaiko ordezkariak deitzeko modu zaharretako bat zena gogora ekartzeko ideagaz berreskuratu zutela ehun urtetik gorako tradizino hori. Jaiak Arrabako zelaietan jarraitu zuen, musika, dantza eta mokadutxoagaz girotuta.
Hamazortzi urte. Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatzen dute jardunaldia, garai modernoan erakundea berrezarri zaneko 25. urteurrenagaz bat eginez. Urte horretatik aurrera, adin guztietako bizkaitarrek entzun ahal izan dute, bost deiadar mendiren batetik (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta), adarraren soinua, Gernikan batzeko dei zaharra irudikatuz. Jardunaldi bi baino ez dira bertan behera geratu, azkeneko biak (2020 eta 2021), pandemia zela eta.