Anbizioa, taldea eta esfortzua: Lointek Gernika Bizkaiaren hiru zutabeak hastear den denboraldirako
Lointek Gernika Bizkaiak hastear den denboraldirako lantaldea aurkeztu du, Malosten. Taldeko arduradunak eta jokalariak aurtengo helburuez, denboraldiaurreaz eta fitxaketez aritu dira. Lehen helburu nagusia urriaren 5ean edukiko dute: Phantoms Basket Boom taldearen aurkako EuroCup Women lehiaketako atariko kanporaketa.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak 2022/2023 deboraldian arituko den lantaldea aurkeztu du gaur, Malosten. Aurkezpen ekitaldian egon dira Gernika KESBeko lehendakari Gerardo Candina, Lointekeko zuzendari nagusi Javier Loroño eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño. Agerraldi horretan, besteak beste, aurtengo denboraldian jokatuko dute 11 jokalariak eta lantalde teknikoa aurkeztu dituzte, eta taldearen helburu nagusiez edota denboraldiaurreaz ere mintzatu dira.
Candinak, lehenik eta behin, aurtengo lantaldearen hiru zutabe nagusiak zeintzuk izango diren argitu du: “Anbizioa, taldea eta esfortzua“. Aurtengo denboraldian lantaldeak aldaketak jasan dituen arren, presidenteak adierazi du taldearen identitateak “bere horretan dirauela”, eta iazko blokearen zati handi bat mantendu dutela azaldu du. Jokalariak banan-banan aurkeztu ondoren, aurtengo jomuga nagusia zein izango den zehaztu du: Phantoms Basket Boom taldearen kontra jokatuko duten EuroCup Women txapelketako atariko kanporaketa gainditzea. Partidu hori urriaren 5ean jokatuko dute, Anberesen.
Doitze prozesuan. Ana Montañana entrenatzaileak ere jomuga berbera ezarri du, denboraldia abiatzeko. Azaldu du taldea “doitze prozesuan bete-betean sartuta” dagoela, eta ez berak buruan dituen talde dinamikak “ahal bezain lasterren heltzea” espero duela. Denboraldi hasiera “arraroa” izaten ari dela adierazi du teknikari valentziarrak. “Denboraldiaurrea gogorra izan da bai alderdi fisikotik, bai psikologikotik, eta orain, denboraldiaren hasieran, joan-etorrian ibiliko gara, Emakumezkoen Endesa Ligaren eta EuroCup Women-en artean”, azaldu du.
Montañana “oso pozik” agertu da eratutako lantaldeagaz eta, horrez gain, egindako denboraldiaurreagaz: “Ez da hasiera erraza izan, zenbait jokalari ez baitira sasoi betean egon; taldea eraikuntza prozesuan dago, eta, hortaz, denboraldiaurreko porrotek ez dute zertan ardurarik sortu. Orain, lanerako txanda da, eta urrirako maila onean egoten saiatu behar gara”. Entrenatzaileak argitu du taldea bere mailarik onenetik “urrun” dagoela, eta “alde fisikoa lantzea” lehen mailako jomugatzat jo du, epe labur zein ertainera.
Roso Buch jokalari kataluniarrak denboraldiaurrean “garaipenen bat lortzea” espero zuela azaldu du, baina nekea “oso agerikoa” dela ere bai: “Guztiok batera minutuak izatea da orain behar duguna; denboraldian zehar maila handian egon ahal izateko, orain gogor entrenatzea, talde gisa prestatzea eta ahalik eta bloke sendoena osatzea da bilatzen gabiltzana, eta horrek, jakina, neke handia dakar beregain denboraldi hasiera honetan”. Aurtengo lantaldea “oso orekatua” dela adierazi du Buchek, eta gehitu du hainbat postutan ondo funtzionatu dezaketen jokalariek “ekarpen izugarria” egin diezaioketela taldeari.
Ana Montañana (Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailea): “Taldea eraikuntza prozesuan dago; lanerako txanda da, eta urrirako maila onean egoten saiatu behar gara”
Iazko denboraldia “nahiko grisa” izan zela aitortu du eskolta kataluniarrak, eta aurtengoa “bestelakoa eta arinagokoak bezalakoa” izatea espero duela adierazi du: “Taldea dagokion mailara bueltatzea izango da helburua; horregaz, Emakumezkoen Endesa Ligan eta EuroCup Women-en ondo ibiltzea eta Erregina Kopa jokatzeko sailkatzea bilatuko dugu. Gure indargunea orain artekoa izango da: Indartsu defendatzen saiatuko gara, mugimenduko jokoa egiteko eta kontraerasoak aprobetxatzeko”.
Marta Alberdi gernika-lumotarra “gauzak ondo egiteko gogotsu” agertu da. Bost aurpegi berrigaz, aurtengoa “talde desberdina” dela adierazi du, eta “freskotasun handia” igartzen duela azaldu. Europako partiduak eta ligakoak “desberdintzeko beharrizana” nabarmendu du harrobiko jokalariak: “Txapelketa bakoitzak bere helburuak ditu, eta oso jakitun izan behar gara jokatzen dugun toki bakoitzari dagozkion jomugez; horrez gain, denboraldi hasieran partidu karga handia edukiko dugu, eta neke horri guztiari aurpegia erakusteko ere prest egon beharko gara”, adierazi du Alberdik.
Porrota Euskal Kopan. Joan den asteburuan, Lointek Gernika Bizkaiak Araski eta IDK taldeen kontra jokatu du Tolosako Usabal kiroldegian, Euskal Kopan. Taldea txapelketa horretan jarraian hirugarren garaipena eskuratzera joan arren, bi zitetan galdu egin du: 72-67 IDKren aurka eta 74-73 Araskiren kontra. Txapelketan lehiakor agertzeaz eta garaipenagatik borrokatzeaz gain, Lointekekoen helmuga nagusia, argitu dutenez, “talde giroa eta taldelana hobetzen jarraitzea” eta, horregaz batera, “fisikoki nahiz joko aldetik urrats bat aurrera egitea” izan dira, datozen helburuei begira; bi jomuga horiek, adierazi dutenaren arabera, “betetzat eman daitezke”.