Izaro Subek irabazi du Taldekako Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa
Bermeoko klubeko Jon Mikel Bikandik, Irkus Lopez de Abetxukok eta Lander Aurrekoetxeak 38.709 puntu jaso dituzte, hogei arrain arrantzatuta.
Bermeon jokatu da gaur (irailak 24) Taldekako Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa, eta Bermeoko Izaro Subek irabazi du. Hain zuzen ere, Jon Mikel Bikandik, Irkus Lopez de Abetxukok eta Lander Aurrekoetxeak osatutako taldeak hogei arrain arrantzatu dituzte, eta 38.709 puntu jaso dituzte. Irabazleek txapelak jantzi dituzte. Talde bermeotarreko kideek, hortaz, Espainiako Txapelketa jokatuko dute; Mallorcako Can Picaforten izango da, urriaren 15ean. Izan ere, lehenengo bi talde sailkatuek lortzen dute Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela.
Izaro Subekoak baino arrain bat gutxiago arrantzatuta eta 36.037 punturekin, bigarren sailkatu da Olagarro Kluba. Eta Hirugarren postua ere Olagarro Klubarentzat izan da. Bi horiek garaikurrak jaso dituzte
Arrainik handiena arrantzatu duen taldeak ere garaikurra jaso du; Olagarro Klubak jaso du, 1,732 kiloko salpa bat arrantzatzeagatik. Gainera, parte hartzaile guztiek kamiseta bana jaso dute.
Bost orduko lansaioa egin dute gaur urpekariek, 09:00etatik 14:00etara. Matxitxakotik OgoƱora bitarteko kosta eremuan ibili dira arrantzan. Sei klubetako hamalau taldek lehiatu dute, talde bakoitzean hiru lagun eta denen artean neska bakarra, Zornotzako Yaiza Romero.
Euria egin duen arren, Olatua eskulturatik hurbil egin dituzte pisaketak, eta leku berean banatu dituzte sariak ere.