Iker Zabala: "Hondarribiak, Getariako akatsa egin ezean, liga irabaziko zukeen"
Bermeo-Urdaibaiko bermeotarrak Eusko Label Liga irabazi du, bere entrenatzaile ibilbidean hirugarrena. Arraunlari modura, beste bost garaipen eskuratu zituen.
Denboraldiaren zein irakurketa egiten duzu?
Oso positiboa. Neguan, prestakuntza oso ona egitea lortu genuen, eta emaitzak eman ditu udan. Egia da lehen jardunaldian huts egin genuela, baina ondoren apurka-apurka joan gara konpetizioari neurria hartzen; amaieran, egundoko maila erakutsi dugu, eta lortutako garaipen guztiak lan horren guztiaren erakusle dira.
Zer falta izan zaizue urtea borobiltzeko?
Denbora. Arraunlari oso onekin beteta dagoen talde berria da gurea, baina ez daramate urtebete ere elkarrekin lehiatzen. Oro har, elkar ezagutzeko denbora gehitxoago behar izan dugu. Kontua da denboraldia amaitu egin zaigula, eta orain ikusteke dagoela datorren urtean nork jarraituko duen eta nork ez.
Lantaldean, besteak beste, inguruko arraunlari asko ere badaude, gainera, maila oso handian. Zelan ikusi dituzu aurten?
Oro har, denek frogatu dute traineruan postua merezi dutela eta goi mailako kirolariak direla. Harrobiak ere esangura handia dauka: beheko mailetan arraunlari oso onak hezten dira, eta lehen mailan lan horren guztiaren fruituak ikusten ditugu.
“Kirolarien maila epaileena baino askoz handiagoa izan da aurtengo udan”
Lan egiteko metodo aldaketa egon da aurten.
Metodo aldaketa oso garrantzitsua izan da. Nire ustez, azken urteotan Bermeon lanerako formula desegokia egon da, eta, hain ona den taldea edukita, lanerako bidea asko findu beharra dago. Maila handiko kirolariek ere metodoa behar dute. Neurea, hain zuzen, nahiko ulerterraza da: exijentzia handiko lan zorrotza nabarmentzen da egunero. Hamaika hilabetez entrenatzen dugu. Helburuak argi eta garbi finkatu behar dira entrenatzerako orduan. Beraz, metodologiak esangura handia hartzen du.
Ligako lehen jardunaldian, bosgarren postuagaz, ardura edo beldurra sentitu zenuen?
Ez, ondo nekien trainerua bizkor zebilela uretan; ordura arte egindako probek hori erakusten zuten, eta gerora denborak arrazoia eman digu udan.
Zein garrantzi eduki du aurkaririk gogorrenak, Hondarribiak, Getariako estropadako ziabogan egindako akatsak?
Handi samarra. Seguru asko, Hondarribiak Getariako estropadako ziabogan akatsa egin ezean, ligako garaipena eskuratuko zukeen. Dena dela, hori litekeena baino ez da. Bai kirolean, bai bizitzan horrelakoak gertatzen dira maiz: akatsen bat eginez gero, aurkaria beti dago prest aukera aprobetxatzeko. Argi dagoena da egun horretatik aurrera geure aldarteak gora egin zuela eta eurak, ostera, makaldu egin zirela.
“Hainbat herritar hurreratu zaizkit barkamenagatik eskerrak ematera”
Aurtengo arraunlariekin jarraituko duzu datorren urtean?
Oraindik ez dakigu zeintzuk jarraituko duten, baina horixe da asmoa. Goi mailako arraunlariak ditugu, talde oso lehiakorra da, eta klubaren asmoa da ahalik eta arraunlari gehien mantentzea. Badakigu ez dela erraza izango, baina aurtengo lantaldeari eusten saiatuko gara.
Helburuen kota oso goian ipini duzue aurten.
Bai, eta hurrengo urtean gaitza izango da aurtengoak hobetzea. Lehenik eta behin, datorren urteko taldea zein izango den zehaztu behar dugu, eta hortik abiatuta hasiko gara udarako helburuak zehazten.
Zelakoa izan da Bermeora itzulera?
Oso hunkigarria eta intentsoa. Egia da hasieratik debatea egon dela: batzuk alde, beste batzuk kontra. Debate hori, azken finean, ona da: herria bizirik dagoela erakusten du. Denboraldia zelan joan den ikusita, baina, herria asko berotu da, eta harrera oso jendetsuak bizi izan ditugu. Bai Kontxa osteko harrera, bai Portugaleteko estropada ostekoa oso politak izan ziren, eta ikusi nuen jendea kargutu dela ni klubera lan egiteko bueltatu naizela, umiltasunez eta zarata handirik egin barik.
Barkamena ere eskatu zenuen. Zelan erantzun zioten bermeotarrek keinu horri?
Uste nuena baino oihartzun handiagoa eduki du keinu horrek. Hainbat herritar hurreratu zaizkit eskerrak ematera; egia da askok uste dutela barkamen eskaera berandu samar ailegatu dela, baina nik neuk ere momentua bilatu behar izan dut, eta Kontxa osteko harrera, Lamera jendez gainezka zegoenez, une oso egokia zen horretarako. Guztiok egiten ditugu akatsak, eta nik akats hori egin nuen iraganean; dena dela, pentsatzen dut zorrak kitatu ditudala, eta, horrenbestez, nire bizitzako etapa hori atzean utzi dezaket jadanik.
“Badakigu ez dela erraza izango, baina aurtengo lantaldeari eusten saiatuko gara”
TKEko bilkura batek erabaki du aurrerantzean debekatuta egongo dela material edota baliabide teknologikoak erabiltzea, nabigazioan laguntzeko. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Nik beti esan dut aurrerabide teknologikoa oso egokia dela, gauzak hobetzeko baldin bada. Egia da nazioarteko beste estamentu batzuetan muga teknologikoak zurrunagoak direla, baina geurean, liga pribatua den heinean, nik ez dut txarto ikusten taldeek aurrerapen teknologikoen alde egitea. Dena dela, TKE klubek osatutako batzordea da, eta, beraz, haren erabakiak errespetatzea baino ez zait geratzen niri.
Etxeko estropadan epaileen ontzia zuon kalean sartu zen, garaipena lehiatzen zenbiltzatela. Nola ikusi zenuen gertaera?
Kanpotik, modu oso tristean bizi izan nuen. Bandera irabazteko hautagaiak ginen, eta esango nuke, epaileen keinu hura ezik, etxean irabaziko genuela. Oro har, kirolarien maila epaileena baino askoz handiagoa izan da aurtengo udan.
Non ikusten duzu Bermeo-Urdaibai datorren denboraldian?
Ahalik eta lan gogorrena egiten eta ahalik eta mailarik handienean. Bermeo-Urdaibai sendo baldin badago, hautagai nagusia izango da edonon lehiatuta ere.