Gorka Larruzea: "Lehen maila da Dinamo Bukaresten berezko habitat naturala"
Gorka Larruzea gernika-lumotarrak 360 graduko bira eman dio bere bizitzari eta kirol ibilbideari. Errumaniako Dinamo Bukarestegaz sinatu du, taldearen liga igoeran ‘garrantzi handia’ edukitzeko asmoz.
Zelakoak ari dira izaten zure lehendabiziko egunak Errumanian?
Gogor samarrak: geratu barik nabil. Bukarestera ailegatu bezain pronto, etxebizitza topatzeari ekin nion, entrenatzen eta taldekideak ezagutzen hasi nintzen, kirol instalazioak ezagutu nituen… Oro har, intentsitate handiz bizi izan ditut lehen egun horiek.
Bizimoduari dagokionez, alde handiak topatu al dituzu Bukaresten?
Egia esan, ez; hasieran pentsatzen nuena baino bizimodu lasaixeagoa dago hemen. Esango nuke Euskal Herriko bizi estiloaren oso antzekoa dela hemengoa. Aisialdia, lana eta kirola, esate baterako, Euskal Herrian bezalaxe bizi dituzte hemen. Alde bakarra, jakina, hizkuntza da.
Deskribatu dezakezu Errumaniako zure bizimolde berriko aste bat?
Goiz jaikitzen naiz. Hirigunetik aldenduta dagoen taldearen inslazioetan gosaltzeko aukera dugun arren, jokalari talde batek gurago izaten dugu Bukarest hirian bertan gosaldu, gure arteko hartu-emana instalazioetatik kanpo sendotzen joan dadin. Elkarregaz joan ohi gara entrenamenduetara, eta, hogei minutuko bidaiaren ostean, entrenamendua izaten dugu. Ondoren, derrigortuta gaude kirol instalazioetan bazkaltzera eta bazkalostean atseden hartzera. Arratsaldez, etxera itzuli, eta ohiko kontuetan ematen dut denbora: kafe bat hartu, erosketak egin, masajea hartu, atseden hartu eta lo egin. Partidua dugunean, ostera, egun bi lehenagotik kirol instalazioetan kontzentrazioa egiten dugu, eta egun guztia han ematen dugu. Bizimodu oso lasaia da, orokorrean.
Hasiera-hasieratik oso ondo hartu naute, eta taldekideek asko lagundu didate
Zelako taldea da Dinamo Bukarest?
Betidanik ezaguna egin izan zaidan taldea da Dinamo; futbolaren jarraitzaile amorratuak garenok Errumaniako talde historikoa legez ezagutu izan dugu. Espainiar Estatuan Real Madril edota Barça moduko taldeek daukaten oihartzuna du Dinamok Bukaresten.
Zein egoeratan dago taldea?
Egoera ez da inondik inora erraza. Izan ere, Dinamok beti jokatu izan du Errumaniako lehen mailako ligan, baina, egun, bigarren mailan dago. Horrenbestez, presioa oso handia da taldea atzera dagokion mailara bueltatu dadin. Esaterako, hona heldu bezain laster, hainbat jarraitzailek sare sozialetatik idatzi zidaten eta taldearen historia, jatorria eta azken urteotako bilakaera kontatu didate. Jarraitzaile ugari mugitzen dituen taldea da. Alde horretatik, bada presiorik.
Izan duzu debutatzeko aukerarik?
Ez, oraindik ez. Moldatze prozesuan bete-betean sartuta nago: entrenatzailearen sistemara egokitzen ari naiz, nire egoera fisikoa doitzen ere bai. Hori bai, zenbait partidu ikusteko aukera eduki dut, eta ez zait iruditu futbolaren maila oso handia denik. Beraz, bizkor moldatzea aurreikusten dut.
Maila handiagoa espero zenuen, beraz?
Kontua da Espainiako 2. mailan egundoko futbola egiten dela; beharbada, Errumaniako 2. mailagaz alderatuz gero, kalitate edota ñabardura gehiagokoa.
Aurten beste txapelketen bat lehiatuko al duzu?
Ligaz gain, taldeak Errumaniako Kopa ere helburu du, eta bertan izango naiz.
Nire lehen jomuga ahalik eta minutu gehien edukitzea izango da
Zelakoa da aldagela barruko aldartea?
Hasiera-hasieratik oso ondo hartu naute. Galiziar bat ere badago lantaldean, eta, egia esan, asko lagundu dit. Bera lehendik zegoen taldean; hortaz, hizkuntzagaz eta bertoko bizimoduagaz konpontzen laguntzen nau. Horrez gain, brasildar bat ere badago; ni bizi naizen tokitik oso hurre bizi denez, elkarregaz joaten gara entrenamenduetara eta, sarritan, batera gosaltzen dugu. Oro har, giro oso ona dago aldagelan. Egia da gauza pila bat errumanieraz lantzen dutela eta, alde horretatik, komunikatzeko gogor saiatu beharra dut. Dena dela, beste horrenbeste ingelesez transmititzen dizkidate, gauzak erraztu asmoz; ni neu ere, gutxinaka-gutxinaka baldin bada ere, hasia naiz futboleko terminologia errumanieraz zelan esaten den ikasten.
Oro har, nolako izaerak edo nortasunak topatu dituzu?
Uste nuena baino harrera eta giro hobea topatu dut. Jakin banekien beste eremu batzuetan, adibidez, Balkan inguruan aldarte hotzagoa dutela, baina Bukaresten, ostera, harrera bikaina eta giro ederra aurkitu ditut. Adibidez, zenbait jokalarigaz futbolaz kanpoko planak egiten hasi naiz. Bizikidetza eta giro on hori, sarritan, gakoa da zelai barruan ere.
Noiztik nora arteko denboraldia lehiatu beharko duzu?
Liga aspalditik hasita dago, eta maiatzean amaituko da. Dena dela, neguan hotzak oso gogor jotzen du Errumanian eta, beraz, geldialdia egiten dute, hau da, bi zatitan banatzen dute konpetizioa. Abendutik otsailera artekoa da geldialdi hori. Horregatik, urtarrilean taldea lekuz aldatzen da, eta bigarren denboraldiaurre txiki bat egiten dute, maiatzera arteko ligaren bigarren zatia prestatzeko.
Zelako futbola da Errumaniakoa?
Alderdi taktikotik eta teknikotik erreparatuz gero, oso bestelakoa da. Espainiako futbola, esaterako, askoz ere landuagoa da. Errumaniako futbolaren ezaugarri nagusia intentsitatea da: oso gogor sartzen dira baloiaren bila. Ez dago baloia ukituz nagusitzen den talderik; horren ordez, baloiak gora botatzen dituzte, eta hortik abiatuta jokatzen dute. Kalitate aldetik ez da hain fina, baina indar aldetik oso bortitza da.
Zein helburu du taldeak?
Hasiera-hasieratik oso argi ikusi dut taldearen berezko habitat naturala lehen maila dela; hain zuzen, Dinamo bigarren mailara jaitsi den lehen aldia da aurtengoa. Ondorioz, lehenengo helburua ligako lehen sei postuetan sailkatzea izango da, play-offetara sartu ahal izateko eta, horregaz, hurrengo urtean lehen maila igotzeko aukerak edukitzeko.
Eta zuk zeuk?
Taldeak ez dit ezer berezirik eskatu, baina argi dut nire lehen jomuga ahalik eta minutu gehien edukitzea izan behar dela. Hortik abiatuta, taldearen helmuga bera dut: taldea mailaz igotzeko, nire eskura dagoen guztia egitea.
Zeintzuk dira kanpoan jokatzeak dituen alderik onenak eta txarrenak?
Bidaiatzea eta herrialde nahiz jende berria ezagutzea da alderik positiboena. Futbolari zein pertsona gisa asko aberasten zaituen esperientzia da, etorkizunerako benetan baliogarria; alderik txarrena, berriz, hurreko jendea faltan edukitzea da.
Bertigoa sentitu al zenuen zure kirol ibilbidean urrats hau egiteak?
Ez, batere ez. Hain zuzen ere, iazko denboraldian jadanik buruan bueltaka nuen atzerrira jokatzera joatearen ideia. Orain arte beti jokatu izan dut Euskal Herriko taldeetan, eta zerbait berria probatu gura nuen. Ikasle sasoian, adibidez, futbolak galarazi egin zidan atzerrira ikastera joan ahal izatea, eta, zentzu horretan, sentitzen dut Errumaniakoa bigarren aukera bat da niretzat.