Beste Euskal Herri bat posible dela erakutsi gura du EH Bilduk, eta azaroaren 12an mobilizatzeko deia egin du
Ibarrangeluko Laida hondartzaren gainean egin du gaur (irailak 23) EH Bilduk Bilbon egingo den manifestazioaren aurkezpena; «euskal olatua» sortzeko deia egin dute.
EH Bilduk azaroaren 12an Bilboko kaleak hartzeko deia egin du, beste Euskal Herri bat posible dela erakusteko. Hain zuzen ere, gaur bertan (irailak 23) aurkeztu dute manifestazioa, Ibarrangeluko Laida hondartzaren gainean. Azaldu dutenez, ez dute lekua kasualitatez aukeratu. “Mundu osoan ezaguna den ezker olatua” bertan hasten dela adierazi du Unai Urruzuno EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ondokoak. Hala, hari keinu eginez, “Euskal Olatu Geldiezina” martxan jartzeko deia egin du, “krisiek sortutako hormak gainditu ahal izateko”. Azaldu dutenez, Abante! lelopean egingo dute mobilizazioa, hori baita EH Bilduk “bizi dugun krisiaren” aurrean egin duen hautua.
Datorren negua “benetan latza” izango dela dioten ahotsak “geroz eta gehiago” direla esan Urruzunok, “arrazoirik falta ez zaiela”, gaineratuta: “Bizi dugun testuinguruak ez dakar aurreikuspen onik. Zalantzarik ez dago. Egoera kezkagarria da. Horrek ez du esan nahi, ordea, gure bizitzak zeharkatzen dituzten arazoek aterabiderik ez dutenik. Arrisku beste aukera ditugu eskura”.
Adierazi du, “ekaitza” iragartzen dutela hainbat agintari politikok, “egoera hau fenomeno meteorologiko modura” aurkeztuta, “kasualitatea izango baliztz modura”. Horien “errezeta” argia da Urruzunoren hitzetan: “Neurri paliatiboak eta erresignazioa. Hau da, ekaitzaren erdian ahalik eta gutxien bustitzea, egoera honetara ekarri gaituen norabidea zalantzan jarri gabe”.
EH Bilduk, baina, badaki egungo egoera “politika jakin batzuen ondorio” dela: “Sistema kapitalista basati batek ekarri gaitu egoera honetara, eta planetak jada, ezin dio erritmo honi eutsi. Elite ekonomiko batzuen mesedetan hartutako erabakiek eraman gaituzte egoera honetara: bankuak, elektrikak, multinazionalak… eta haiek inoizko irabazi handienak pilatzen dituzten bitartean, negurako prestatu gaitezela esaten digute, jakitun milaka familiek ezingo diotela etengabe eta era basatian gora doazen prezioen erritmoari eutsi”. EH Bilduk, hala ere, “ez du hori onartuko”, eta horregatik, esperantza aktiborako deia luzatu dute: “Abante! Ezker independentismoak badu txalupa sendoa eta iparrorratz argia ere. Ekaitzari aurre egingo bazaio, ezkerretik eta burujabetzatik izango delako! Herri honek sarritan erakutsi du bidegabekeriei erantzuteko gaitasuna, herri hobe bat guztion elkarlanarekin eraikitzeko borondatea eta gaitasuna”. Horregatik guztiagatik, euskal olatua berriro martxan jartzeko unea dela uste dute; “azaroaren 12an, Bilbon, euskal olatua-ezker olatua martxan jarriko dugu!”.
“Etxean geratu eta ekaitza igaro arte itxaron ordez”, EH Bilduk, Abante! egin eta kaleak hartzeko deia luzatu du: “Iaz Bilbon sortutako mareak, aurten olatu geldiezin bat sortu dezan, krisiek sortutako hormak gainditu ahal izateko. Esperantza aktiboaren unea da”.