100 urte bete dituen tradizioa
1922ko Santa Kurtze jaietan, ardoaren zaragiari hileta egitea pentsatu zuten Ariatzako gazteek, jaiak modu dibertigarrian amaitzeko, eta, gaur egun, tradizioak bizirik dirau.
Jai egun bereziak izaten dira santakurtzeak Ariatzan, modu alai eta dibertigarri batean hasi eta amaitzen direnak. Hain zuzen ere, 1922an auzoak hasi zuen ekimen herrikoiagaz agurtzen dituzte auzoko festa nagusiak: Saragiaren hileta antzeztuta. Udalerriko ondaren immateriala da antzerkia, eta, aurten, 100. aldiz plazaratu dute.
Ariatzakoek azaldu dutenez, sasoi bateko jaietan aurreskua izaten zen garrantzitsua: “Horrek ekarri zuen ardo zaragia Ariatzako eliza aurrera 1889an”. Izan ere, aurreskua dantzan egiten geratzen zirenek ez zuten lagunekin ardoa edateko gura beste aukera izaten. Alkateagaz hainbat gorabehera izan eta gero, ardoaren zaragia jaien erdigunera eramatea lortu zuten, baina 1922an, aurresku gitxi dantzatu ziren, eta Ariatzako gazteak kezkatu egin ziren, ea jaiak ez ote ziren behar baino tristeagoak izan. Hala, ardoaren zaragiari hileta elizkizuna egitea pentsatu zuten. “1889an, Ariatzako gazteek protesta bat egin zuten, ardoaren zaragia eliza aurrera eramateko eskatuz. Izan ere, ordura arte ez zuten aukera hori izan, eliza aurrea leku sakratua zelako. Hala ere, lortu zuten”, argudiatu dute parte hartzaileek. Baina, 1922an, Deunoro Sardui Enbeitaren idatzietan jasota dago aurresku gutxi dantzatu zirela herrian. “Ariatzako jaien oinarrian dago, Santa Kurtze bezperan, ardoaren zaragia zabaltzea, eta hurrengo domekan, berriz, ardoa amaitzean, jaiak agurtzeko Saragiaren hileta egitea. Beraz, tradizioaren ardatza da auzoak 1922an izan zuen iniziatiba jaiak modu alai eta dibertigarri batean amaitzeko”, azaldu dute.
Saragiaren hileta ez da beti berdina izan. 1922az geroztik beti egin da, baina ez du beti antzerki formatua eduki. “Sasoi batean mozorrotu egiten ziren herritarrak, eta beste harmakada batzuetan karrozetan batzen ziren; baina, urteekin, herri antzerki formatua hartu du jaien azken egunak”.
Hasiera batean, Saragiaren hileta hileta elizkizuna bera zen. Ate huts baten gainean eramaten zuten beti zaragia –gaur egun ere hala egiten da–, bere koroagaz, eta atzetik joaten ziren herritarrak negarrez, benetako hileta bat bailitzan. Ariatzakoek diotenez, urte batzuk beranduago, 50eko eta 60ko hamarkadetan, mozorrotuta ateratzen ziren plazara, eta buelta bat ematen zuten bakarrik. Argazkietan ikusten denez, 70eko hamarkadan, karrozak egiten hasi ziren auzotarrak. “Inauterietako karrozen modukoak ateratzen zituzten, bakoitza bere leloagaz. Aitona Bixentinen labatik ateratzen ziren zaragiari agurra ematera, eta Montorganen buelta bat emanda plazara joaten ziren, handik berriro Montorganera joateko eta plazan amaitzeko”, diote.
80ko hamarkadatik aurrera, berriz, antzerki formatua hartu zuen hiletak: ”Gaur egun, zaragia ate huts baten gainean eramaten dute auzoko lau zaharrenek, eta horien atzetik beltzez jantzita joaten dira batzuk, garai bateko elizkizun hileta antzezten; horien atzetik, besteok joaten gara, antzerkiaren gaiaren arabera jantzita”, azaldu dute.
100 urteetako parodia
Aurten, Saragiaren hiletaren 100. aldian, azken mendeurrenaren parodia egin dute. 1922tik 2022ra bitartean, munduan eta Ariatzan gertatutakoa aztertu eta antzeztu dute. “Bi mundu gerren arteko sasoia izan zen 1920ko hamarkada; charlestona dantzatzen zuten munduan, eta, Ariatzan, makailoa jaten zuten jaietan. 30eko hamarkadan, Espainiako errepublikan, boto eskubidea lortu zuten emakumeek, eta Atxeliko mendian gurutzea jarri zuten. Datu historikoak kontuan hartuta, hamarkadaz hamarkadako errepasoa egin dugu”.
Jendearen erantzuna «bikaina» izan dela diote. Izan ere, bi urteren ostean, jendearen parte hartzea bultzatzea kostatuko zitzaiela pentsatzen zuten batzuek, baina erantzuna sekulakoa izan da. “Guretzat egun berezia bezain polita izaten da. Auzo bat baino ez gara, baina herritarrek badute partaidetza sentimendua, eta zahar zein gazte, bakoitzak bere zeregina betetzen du antzezlan honetan. Antzezteko konpromisoa erakusten dute”. Zehaztu dutenez, aurten, 50 lagun inguru elkartu dira.
Alde batetik, konpromisoa dagoela diote parte hartzaileek, eta, bestetik, “ondo pasatzearen sentimendua”. Gurasoengandik seme-alabengana transmititzen den gogo hori “momentuz” mantendu egiten dela diote.
Argazki artxiboa
100 urteen parodia antzezteaz gain, argazki erakusketa jarri dute aurten, Ariatzako eskolan. Mendeurrena errepasatzeko erakusketa da. 2019an ohartu ziren Saragiaren hileta ekimenak 100 urte beteko zituela aurten, Ondarearen Jardunaldietan ondare immateriala balioan jarri zutelako, eta udalak Saragiaren hileta hartu zuelako gaitzat: “Gure ondare immaterialetako bat da”.
Argazkiak batzen aritu dira auzotarrak irailean, eta hainbat argazki jaso dituzten arren, beste asko batu barik utzi dituzte. Datorren urtera begira beste erakusketa “osoago” bat egitea aurreikusi dute: “Datorren urtean beste erakusketa bat egitea pentsatu dugu, 100+1 izango dena”. Aitortu dute “erraza” izan dela argazkiak batzea, eta batez ere argazki zaharrak batu dituztela. “Bost familiaren argazkiekin 200 argazki baino gehiago batu dira. Eta gehiago ditugu jasotzeko, beraz, erabaki dugu aurtengo erakusketa hasiera bat bakarrik izango dela”.
Lan asko daukate egiteko, izan ere, argazkiak batu, txukundu eta ordenatu behar dituzte. Eta, gero, udalagaz elkarlanean, artxibo historiko bat sortzeko asmoa daukatela iragarri dute: ”Orain arte batutakoak eskaneatu, eta liburutegian daude gordeta, inork behar izanez gero, garrantzitsua delako udalerrian aurkitu ahal izatea”.
Aritzako jaiak santakurtzeak dira, eta oinarrian ardoa dago. Jaien bezperan, zaragia zabaltzen denean hasten dira, eta ardoa amaitzen denean, amaitu. “Gauza oso berezia da. Hainbeste urtetan auzoan halako ekitaldiak aurrera ateratzea oso garrantzitsua da. Ariatzan bada antzerkiarekiko sustraitze, errotze edo harrotasun bat, eta hori pozik egotekoa da. Polita da urtetik urtera tradizioa aurrera doala ikustea”.