Udako turismo datuen "balorazio oso positiboa" egin du Urremendik
Eskualdeko landa garapen elkarteak emandako datuen arabera, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako turismo-bulegoek, Gaztelugatxeko informazio-guneak eta Gernikako Batzar-Etxearen ondoko turismo-kudeatzaileak 43.000 bisita baino gehiago izan dituzte udan.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak udan Busturialdea bisitatu duten turisten etorrerari buruzko balantzea egin du. Bildu dituzten datuen arabera, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako turismo-bulegoek, Gaztelugatxeko informazio-guneak eta Gernikako Batzar-Etxearen ondoko turismo-kudeatzaileak 43.172 bisita izan dituzte udan.
Aitziber Ansotegi Urremendiko LGEko gerenteak “oso positibotzat” jo du denboraldia. Aurreikuspen baikorrenak betetzen ari direla esan du, “2019ko zifrak betetzen” ari baitira:” Pandemia garaia oso gogorra izan da gure eskualdeko turismo-sektorearentzat. Baina, osasun- krisitik atera garen heinean, bilakaera positiboa izaten ari da”. Pandemia aurretik eskualdeko turismo bulegoak bisitatzen zituzten pertsona kopurua berreskuratu dela zehaztu du, eta “oso pozik” daude egindako lanarekin.
Halere, “ziurgabetasun handiagoarekin” ikusten dute urteko laugarren hiruhilekoa, “inflazioa gainezka” dabilelako, eta aurreikuspenak ez direlako baikorrak: “Bizi dugun testuinguruaren arabera, prezioak garestitzen ari direnez, logikoena bisitak eta erreserbak jaistea izango litzateke, baina, egia esan, oraindik ez dugu alarma seinalerik ikusten”.
Aitziber Ansotegi Urremendiko LGEko gerentea: “Osasun- krisitik atera garen heinean, bilakaera positiboa izaten ari da”
Sektore pribatuari dagokionez, egonaldiak “nahikoa gorabeheratsuak” izan direla ikusi dute. Uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera erreserbak hobetzen hasi zirela diote, “baina ez %100”. Abuztua hilabete “oparoa” izan da, iraila, ostera, “eskas omen doa”. Orokorrean, 2019ko datuetatik “oraindik urrun” daude: “Jarduera edo aktibitate desberdinak eskaintzen dituzten enpresen sentsazioa antzekoa da, 2019ko datuetara hurbiltzen ari dira, baina gainditu barik. Hala ere, orokorrean pozik daude”. Adibidez, bisitak eta dastaketak eskaintzen dituzten txakolindegi batzuetako arduradunen esanetan, atzerritarren kopurua “nabarmen igo” da. Beraien ustez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak “turismo-helmuga jasangarriaren Euskadiko lehen ziurtagiria jasotzeak zerikusia” izan lezake, “ekoturista profila” duten bisitariak izan baitira.
Urteko laugarren hiruhilekorako aurreikuspenak ez direla baikorrak esan dute
Jasotako datuen arabera, Gaztelugatxeko informazio-guneak eta Gernika-Lumoko turismo-bulegoak 36.000 bisita baino gehiago izan dituzte uztailean eta abuztuan; Busturialdeko hiru turismo bulegoen artean, Gernika-Lumokoa izan da uztailean eta abuztuan bisita gehien lortu dituena (18.038), ondoren Mundakakoa (4.717) eta, azkenik, Bermeokoa (1.099).
Gaztelugatxeko informazio-guneak 18.839 bisita izan ditu aurreko bi hilabeteetan (uztailean 9.571 eta abuztuan 9.268), eta Gernika-Lumoko Batzar-Etxearen alboko ukipen-pantaila duen kudeatzaile turistikoak, berriz, 479 kontsulta kudeatu ditu abuztuan. “Gaztelugatxeko informazio-gunearen kasuan, aipatzekoa da Ekialde Hurbileko eta Hawaiiko turistak ere jaso dituela. Leku hori bisitatu duten pertsona gehienek Bilbon izan dute ostatua, baina baita Urdaibain ere, eta batez beste 4-6 egun eman dituzte bertan lo egiten. Urdaibai izan da bisitarien artean tokirik erakargarrienetako bat. Gogoratu beharra dago ziurtagiri hori bide-orri bat dela ekoturismoaren printzipioei heltzen dien turismoa garatzeko, inguruneko ingurumen, gizarte eta ekonomiaren errespetuan oinarritua. Gainera, aukera ematen du nazioartean helmuga hori ezagutzera emateko eta, era horretan, lurraldearen kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka babesteko, eskualde hori kalitatezko turismo-helmuga arduratsu eta seguru gisa bultzatuz, Euskadin erreferentziazkoa”.
Ansotegik azpimarratzen du Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak eskualdea “balioan jartzen” duela, eta, horregatik, Urremendik “ahalegin handia” egiten duela bisitatzen gaituzten turistek modu arduratsuan egin dezaten, bisitatzen dituzten baliabide eta espazioak behar bezala erabili ditzaten, gozatzen duten ingurunearekin bat etorrita.