Natur eta kultur ondarea, modu parte hartzaile eta iraunkorrean
Ondarearen Europako Jardunaldien 22. edizioan Busturialdeko zortzi udalerri hauetan egingo dituzte jarduerak: Bermeon, Busturian, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Kortezubin, Mundakan eta Muxikan.
Ondarea loratuz, gozatu! Ondare Jasangarria da Ondarearen Europako Jardunaldien 22. edizioaren gaia. Beste behin, urria kultur eskaintzaz bete dute Bizkaian; 227 ekitaldigaz–140 proposamen kulturalgaz–, osatu dute agenda: bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, oinez edo bizikletaz; tailerrak familia osoarentzat, hitzaldiak eta solasaldiak, topaketak eta zuzeneko testigantzak, gastro-tailerrak, erakusketak, kontzertu eta topaketa musikalizatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, bideo forumak, lehiaketak eta jarduera interaktiboak…
Ekitaldi gehienak doakoak dira, eta aurretiaz erreserbak egin behar dira. Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute aurten; Busturialdeko zortzi udalerri hauetan egingo dituzte jarduerak: Bermeon, Busturian, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Kortezubin, Mundakan eta Muxikan.
Bertaratutakoei natur eta kultur ondarea modu parte-hartzaile eta iraunkorrean hurbiltzeko asmoa daukate antolatzaileek. Izan ere, iraunkortasuna da aurten ere erakunde antolatzaileek onartu eta jaso duten programaren ardatz nagusia, eta proposamenak 2030 Agendaren helburuetara egokituz egin dute garapenaren hiru dimentsioak jorratzen dituen ekintza-plana: “ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, Garapen Jasangarrirako 17 Helbururen bidez”.
“Ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronka garrantzitsuei aurre egiteko garai honetan, gure kultura-ondare aberatsa eta askotarikoa balioan jartzeko, babesteko eta zaintzeko Europako Kontseiluak iragarritakoarekin bat dator aurtengo gaia”, azaldu du Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Museoak, ikerketa- eta eztabaida-guneak. Bermeoko Arrantzaleen Museoan jardunaldiek eskaintzen duten ezagutza-iturri hau aprobetxatuko da kontsumo arduratsu baterantz sentsibilizatzeko. Museoaren tailerren bidez arrantza sistema jasangarriak eta arrain kontserben mundua ezagutaraziko dituzte, eta bertako produktuekin askaria prestatu eta dastatuko dute.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Iñaki Gonzalo biologoaren eskutik bisita botanikoak egingo dituzte, eta Jon Ander Urrezti aktore bermeotarrarekin ikuskizun bitxia eskainiko dute; Tribiz. Baserri galdue obraren bidez 700 urteko antzinatasuna duen familia baserri batera eramango ditu bertaratzen direnak.
Osasuna, ongizatea eta ingurumena zaintzearen kontzientzia. Bizkaiko hainbat ibilbide daude agendan; toki hauen biodibertsitatea ezagutaraziko da: Gorbeia eta Areatza, Gordexola, Galdames, Urdaibai, Gorliz, Urduña edo Elorrioko Naturbideak zirkuitua.
Adibidez, Ereñon, museoa eta harrobia bisitatuko dituzte Rober Garay eta Alberto Palomera artistek egindako instalazio artistikoarekin.
Kultura-ondarea, identitatea eta komunitate-kohesioa. Herri askok euren kultura-ondare materialari balioa ematen diote eta eraikin erlijioso, zibil edo industrialetako ateak irekitzen dituzte. Hori gertatzen da Abadiñoko ermitarekin, bertako batzar zelaiarekin, Zornotzako eta Busturiako ermitekin edo Arrietako erretaularekin, sute baten ondoren zaharberritu eta lehengoratu dena. Kasu askotan “eredugarria” izan da herritarrek tokiko ondarea balioesteko eta zaintzeko izan duten inplikazioa.
Halaber, gogoratu du jasangarritasuna ondare-balio handia duten eraikin eta egiturei “aplikatu” dakiekeela, ez bakarrik ikuspegi historiko artistiko batetik, baita eraikuntza horiek erabilera publikorako berrerabiltzean biztanleekiko lotzen duen balioagatik ere. Esate baterako, antzinako ospitaleak, jauregiak, lantegiak,… ikastetxe, museo eta abar bihurtuak.
Esan bezala, jarduera sorta zabala bildu dute: “kulturak eta historiaren eta ondarearen ezagutzak giza garapenean duten garrantzia, tokikotik abiatuta gauzak egiteko modu tradizionalak, aliantzak eta komunitatea indartzeko sareko lana, berrikuntzaren, sormenaren eta pentsamendu kritikoaren balioa; guztiak ere ingurumen, ekonomia eta gizarte arazoei irtenbidea emateko beharrezko elementuak”. Bilbaoren berbetan “programa eredu inspiratzailea da, ondarean iraunkortasunaren erronkari nola heldu erakusten duena. Baina, batez ere, hurbiletik eta tokian tokikotik begiratuta tradizioa, ikerketa eta berrikuntza uztartzen dituen lana da”.
Koherentzia, konpromisoa eta inplikazioa. Bilbaok nabarmendu du edizio denetan landutako koherentzia tematikoa nahiz kultura- eta gizarte-eragileek kanpainetan izan duten konpromisoa eta inplikazioa direla jardunaldien arrakastaren gakoetako bi, programa “Europako kudeaketa-ereduaren erreferente bihurtu dutenak”.
BUSTURIALDEKO EGUTEGIA:
BERMEO
- Urriak 9 eta 23 (12:30). Arrain kontserbak eta jasangarritasuna hitzaldia eta dastaketa, Arrantzaleen Museoan.
- Urriak 15 (16:30). Arrain kontserbak. Gastro-tailerra (umeentzat), Arrantzaleen Museoan.
- Erreserbak: 94-688 11 71/arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus
BUSTURIA
- Urriak 8,15,22 eta 29 (17:00-18:15). Urdaibai ondare jasangarria bisita gidatua Urdaibai, Biosfera Erreserba erakusketara, Ekotxea Urdaibain.
- Erreserbak: 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus/www.ondareabizkaia.eus
- Urriak 21 (19:00). Busturiako ermitak: usadioak eta ohiturak ikus-entzunezkoen proiekzioa, Altamirako Kultur Etxean.
- Urriak 22 (11:00). Busturiako ermitak ezagutzen ibilbide gidatua, San Kristobal ermitan hasita.
- Erreserbak: 94-617 10 04/www.ondareabizkaia.eus
EREÑO
- Urriak 15 (11:00). Ereñoko Museoa/Sintonia Arrecifal behatokia bisita gidatua, plazatik irtenda.
- Erreserbak: 94-625 46 21/www.ondareabizkaia.eus
GAUTEGIZ ARTEAGA
- Urriak 14 (17:30). Padureratik baratzera eta baratzetatik paduretara: Urdaibaiko paisaia kulturalaren historian zeharreko bidaia bisita gidatua, Ozollo auzoan elkartuko dira.
- Erreserbak: 600 01 60 90/www.ondareabizkaia.eus
GERNIKA-LUMO
- Urriak 8 eta 22 (16:30) 9 eta 23 (12:00). Basoak historian familia tailerra, Euskal Herria Museoan.
- Urriak 8 eta 22 (11:30). Bisita botanikoa bisitaldi gidatua, Euskal Herria Museoan.
- Urriak 15 (19:00). Tribiz. Baserri galdue ikuskizuna, Euskal Herria Museoan.
- Erreserbak: 94-625 54 51 / euskalherriamuseoa@bizkaia.eus /www.ondareabizkaia.eus
- Urriak 10 eta 22 (12:00-13:00). Erdi Aroko batzarretatik gaur egungo legebiltzarrera bisitaldia.
- Erreserbak: 94- 625 11 38 / batzar.etxea@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus
KORTEZUBI
- Urriak 2 (11:00). Ibilbide osasungarria ibilbide didaktikoa, udaletxean hasita.
- Erreserbak: 94-625 50 53 (09:00-14:00)/www.ondareabizkaia.eus
- Urriak 15 (10:00). Santimamiñe kobazulotik Ereñozarrerako gaztelura bisitaldi gidatua, Santimamiñen.
- Urriak 22 (12:30). Meeting point edo landa egunak zineforuma, Santimamiñen.
- Urriak 30 (12:00). Lurretik azokara umeentzako tailerra, Santimamiñen.
- Erreserbak: 94-465 16 57/santimamine@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus.
MUNDAKA
- Urriak 7 (19:20). Aroztegi musika eskola bihurtu zenean-bizitzaren ikaskuntza hitzaldi-solasaldi musikala, La Fonda Jatetxean.
- Erreserbak: 94-617 72 01/ turismo.mundaka@bizkaia.org /www.ondareabizkaia.eus
MUXIKA
- Urriak 22 (10:00). Mahastiak, txakolina, natura eta paisaia bisitaldi gidatua, Zubieta Errotan elkartuta.
- Erreserbak: 645 00 66 63/ liburutegia@muxikakoudala.eus /www.ondareabizkaia.eus