Gerraren errealitatea, umeen marrazkietan jasota
'¡Mama, yo no quiero guerra!' da Poloniako enbaxadak Ukrainakoarekin elkarlanean Gernika-Lumon jarri duen erakusketa, eta gerrekiko umeek duen ikuspuntua biltzea du helburu.
Jose Jorge Letria idazle portugaldarrak dio gerrek ezin dutela ez ikusi, ez entzun, ezta sentitu ere. Gerra bizi duten horiek, baina, gerra ikusi, entzun eta senti dezaketela erakusten du Gernika-Lumoko Kultur Etxean eta Elai Alai areto txikian jarri duten erakusketak.
¡Mama, yo no quiero guerra! izena dauka Poloniako enbaxadak Ukrainakoarekin elkarlanean Gernika-Lumon jarri duen erakusketak, eta gerrekiko umeek duen ikuspuntua biltzea du helburu. Hain zuzen ere, 1946ko haur poloniarren marrazki historikoetatik abiatu dira gerretako umeen lekukotzak aurkezteko: Bigarren Mundu Gerran Poloniako umeek marraztutako irudiak gaur egungo ukrainar umeen irudiekin alderatzen ditu bildumak.
Bigarren Mundu Gerran izandako esperientzien eta Alemaniako 1939-1945 aldiko okupazioaren erregistro bat dira Poloniako irudiak, Varsoviako Erregistro Modernoen Artxibo Zentraletan gordeta daudenak. Ukrainako umeen marrazkiak, berriz, ‘Mom, I See War’ orrialdetik batu dituzte.
Sortzaileen helburua da erakustea gerra bat “beti ikusten dela berdin” haur baten begietatik. “Lekua eta denbora edozein dela ere, haurra beti da biktima. Gerrako marrazki historikoak gaur egungoekin alderatuta, antzekotasunak nabarmenak dira”, adierazi du Anna Sroka Poloniako enbaxadoreak gaurko aurkezpenean. Bai poloniarrek, bai ukrainiarrek tankeak, hegazkinak, bonbak, suteak eta leherketak marrazten dituztela ikus daiteke erakusketan, baita zauriak eta hildakoak, suntsitutako etxeak, hilotzak eta hilobiak irudikatzen dituztela ere.
“Lan oso hunkigarriak dira, eta 76 urteko aldea gorabehera, gerraren irudi bera partekatzen dute haurrek. Uste dugu oso garrantzitsua dela erakusketa hau Gernika bezalako leku sinboliko batean aurkeztea, udalerriak ere bonbardaketa bat bizi izan zuelako”, adierazi du enbaxadoreak.
Hain zuzen ere, esan du duela 85 urte gernikarrek sufritutakoa dela ukrainarrek gaur egun bizi dutena. “Otsailaren 24an, Errusiaren inbasoa hasi zenean, milaka haur ukrainarrek sirena hotsak, leherketak eta tiroak entzun zituzten. Ordutik, ia mila haur hil edo zauritu dira Ukrainan”, dio. Gogoratu du Ukrainako gerraren ondorioz 3 milioi haur baino gehiago direla errefuxiatuak, eta beste horrenbestek euren etxeetatik ihes egin behar izan duela, barne desplazatu modura egonez.
Ukrainako enbaxadoreak, bere aldetik, Poloniako enbaxada eskertu du eta “sinbolismoz” betetako erakusketa dela Gernikan dagoena adierazi du. “Errusiako indar armatuak gure hiriak erasotzen ari dira, eta jende zibila hiltzen ari da, ez bakarrik borroka eremuan, baita herri zibiletan ere. Inor ezin da inon seguru sentitu”, esan du, eta azpimarratu du dagoeneko 400.000 haur baino gehiago hil direla gerraren ondorioz.
Egungo egoerari keinu egin dio enbaxadoreak, eta Putinek gerragaz aurrera jarraitzea kritikatu du: “Etengabe ari da Ukraina erasotzen, eta, ondorioz, borrokan jarraitu behar dugu. Honelako ekitaldiek edota kultur ekintzek gerrari amaiera emateko balio dute”.
Jokin Garatea Gernika-Lumoko kultur zinegotziak adierazi du “ohorez, doluminez eta bakeminez” hartzen dutela erakusketa. “Ohorez jasotzen dugu, Unescoren bakearen eta kulturaren hiri gisa; minez jasotzen dugu, gerraren oroimenezko hiri modura”, adierazi du Garateak.
Erakusketa “oso garrantzitsua” dela gehitu du, bildumak Poloniako eta Ukrainako haurren memoria eta mina jasotzen duelako. “Gerra horietako haurrek eta nerabeek euren marrazkiekin berba egiten digute”, dio. “Erakusketa honek garrasi egiteko balio du, Picassoren Guernican agertzen diren neska-mutilen modura; gerrari ezetz eta kulturari eta bakerari baietz esateko balio du”.