Gernika-Lumok eta Ukrainako Irpin hiriak adiskidetasun akordioa sinatu dute
Udalen arteko harremanak "bakearen eta aurrerapenaren funtsezko oinarriak" direlako erabaki dute akordioa sinatzea. Adostu dute hainbat elkartruke proiektu eta programa bultzatuko dituztela euren komunitateen mesedetan.
Gernika-Lumo eta Irpin hiria senidetu dira gaur, udalerrian Ukrainari buruz egin den jardunaldiaren baitan adiskidetze akordioa sinatu ostean. Serhii Pohoreltsev Ukrainako enbaxadoreak eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak sinatu dute akordioa, biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketak jasan dituzten bi hirien ordezkari modura. Udalen arteko harremanak “bakearen eta aurrerapenaren funtsezko oinarriak” direlako erabaki dute akordioa sinatzea.
Adostu dute hainbat elkartruke proiektu eta programa bultzatuko dituztela euren komunitateen mesedetan, “bereziki giza eskubideen kultura orokorrari eta kultura demokratikoari eta bakerako hezkuntzari buruzkoak”. Horretarako, adostutako plan bat egitea aurreikusi dute, “beharrezkoak diren programak gauzatzeko”; programa horiek, aldi berean, berariazko egutegi batean jasoko direla adierazi dute.
Plana behar bezala gauzatzeko, lan talde bana sortuko dute bi udalerrietan, elkarren artean lankidetzan arituko direnak, eta proiektu bakoitzaren helburuen arabera eratuko direnak. Akordioan zehaztu dute talde horrek zainduko duela adostutako jarduerak egiten direla eta aurreikusitako egutegiaren jarraipena egiten dela; halaber, talde horiek hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak edota proiektu ezberdinak sustatu beharko dituztela jaso dute.
Gainera, akordioak dio udalerri bakoitzak bere herritarrei adiskidetasun akordioaren berri emango diela, eta adiskidetutako udalerriaren egunerokoaren berri emango duela: “Herritarrak euren hiri lagunaren bizitzarekin eta garapenarekin ohitu nahi dira, elkarren arteko adostasunez zehaztuko diren jarduerei esker”.
Gorroñok adierazi du Irpin “ia osorik” bonbardatua eta suntsitua izan dela Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran, 3.000 zibil baino gehiago hilez. “Zuen minarekin bat gatoz, eta zuentzat eta gizateriarentzat hain beharrezkoa den bakea aurki dezazuen gura dugu”, adierazi du alkateak.
Ukrainako enbaxadoreak eskerrak eman dizkio Gorroñori, Irpinen eta Gernikaren arteko adiskidetasun eta senidetze akordioaren erabakia hartzeagatik. Bi udalerrietako gizarte zibila izan dela kaltetuena adierazi du, Irpinekoa orain, eta Gernikakoa 1937an. “Irpin hiriak oso une zaila bizi du. Gernikaren kasuan, hiriaren % 85 suntsitu zuten, eta Irpinen ere eraikin gehienak suntsitu dituzte tropa errusiarrek. Irpin berreraiki behar da orain, eta asko eskertzen dugu zuen babesa, eta akordio honek ematen digun lankidetza aukera”, azaldu du Pohoreltsevek.