Energia berriztagarriak jorratuko dituzte Nabarnizen
Klima Asteagaz bat egin eta energia berriztagarriak ezagutuko dituzte nabarniztarrek. Klima aldaketaren ondorioak aztertzen dituen 'Una verdad incomoda' proiektatuko dute zapatuan.
Energiaren eta Klimaren Asteagaz bat egingo du Nabarnizek barikuan, zapatuan eta irailaren 30ean.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du Klima Astea, Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta udalek, toki-erakundeek, elkarteek eta sektore pribatuek ere parte hartzen dute.
Aste Klimaren helburu nagusia da nahitaezko energia eta klima trantsizioaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea. Eta, horretarako, energia berriztagarriak lantzeko bi hitzaldi eta ikus-entzunezko proiekzio bat antolatu du Nabarnizko Udalak.
2019an, baso aukerak eta ortugintza ekologikoari buruzko saioak egin zituzten herrian, eta, 2020an, berriz, aurreikusitako ekitaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Iaz, ostera, Nabarnizko basoetan sakondu zuten; espezie bakoitzak ingurumenean daukan eragina eta klima aldaketak espezie horiei zelan eragingo liekeen ikusi zuten.
Aurten, energia berriztagarrietan jarriko dute fokua. Barikukoa, energia berriztagarriak ulertzeko saioa izango da. Energiaren kontzeptua aztertuko dute bertaratzen direnek, baita energia kostuaren igoeraren zergatia ere. Gainera, energi berriztagarrien funtzionamenduak zertan datzan ikasiko dute; izan ere, besteren artean, eguzki energia, biomasa, aerotermia eta haize energia izango dituzte ardatz. “Energien artean zeintzuk diren eraginkorrenak ikusiko dute bertaratzen direnek”, adierazi du udal ordezkariek.
Irailaren 30ean, gaiagaz jarraituko dute, eta teoria praktikara aplikatzen saiatuko dira, izan ere, bakoitzaren etxean energia zelan sortu ahal den ikasiko dute saiora bertaratzen direnek. Energia sortzeko aukera errealak irakatsiko diete ardurdadunek, ohiko instalazioak azalduz edota kasu errealen adibideak jarriz.
Hizlariak Markina-Xemeingo Barrizar Kooperatibako ordezkariak izango dira, “adituak direlako energia berriztagarriei buruzko proiektuak sortzen eta garatzen”, eta saioak 19:00etan hasiko dira Gizarte lokalean.
Zapatuan, berriz, Una verdad incomoda dokumentala proiektatuko dute frontoian, 19:30ean. “Nazioarteko errekonozimendua” daukan ikus-entzunezkoa dela diote udal ordezkariek, “klima aldaketaren eragina aztertzen duelako, baita horrek dakartzan ondorioak ere”. Bulkada produkzioak izango da dokumentala proiektatzeaz arduratuko dena.
Herritarrak kontzientziatzea eta klima aldaketak duen eragina herritarren artean zabaltzea “beharrezkoa” dela diote arduradunek, eta udalak hori bilatzen duela adierazi dute: “Edozein mailatako herriak, handiak zein txikiak, ingurumena babestu behar dugu, eta jendeari erakutsi behar diogu zein garrantzitsua den ingurumena zaintzea. Denok kontzientziatuz gero, zerbait aldatu ahal izango dugu”.