Ea musikaren habia izango da berriz
Musikean musika klasikoko zikloa egingo dute Ean, barikutik datorren martitzenera bitartean. Hainbat musikari gazte taularatuko dira, formatu desberdinetako kontzertuak emateko.
Eak Musikean musika klasikoko zikloa hartuko du bigarrenez, etzi (irailak 23) eta datorren asteko martitzena bitartean. Eskolondon musika klasikoa ardatz duten hainbat emanaldi egingo dituzte; musika klasikoaren formatu, dinamika oso desberdinak edukiko dituzte emankizun horiek, eta sarrera doakoa izango da, betiere 19:00etatik aurrera.
Musikean, zerbait esatekotan, udalaren, musikarien eta herritarren arteko elkarlanaren fruitua da. Izan ere, Eako Udalak eta Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak egitasmoa bere jaiotzaz geroztik babestu izan dute, eta eatarrek nahiz kanpotik bertaratutakoek atxikipena erakutsi izan diote. Dena dela, ekimenaren kudeaketaren atzean ezkutatuta dagoen koordinatzailea Agustin Bergara da.
Sortzez bilbotarra izan arren, Bergararen bizitza Eagaz oso estuki lotuta egon da betidanik. Bilboko piano kontserbatorioko irakaslea izanik, Bergarak bere ikaslerik distiratsuenei “aukera berezi bat” eman gura izan zien eskolaz haragoko musikari eskarmentua hartzen hasteko, Eakoa moduko “plaza eder batean joz”. Bergararen ustez, Musikean “urrats esanguratsua” da musikatik bizitzeko asmoa duen edonorentzat.
2021eko apirilean eta maiatzean, piano kontzertu bi eman zituen Ean eta, biek ala biek edukitako asistentzia ikusita, irailean musika ziklo bat egitea pentsatu zuten; hura izan zen Musikeanen lehenengo aldia. “Ordura arte, Ean ez zegoen ezer musikari beren-beregi eskainitako egitasmorik, eta herritarrek begi onez hartu zuten”, azaldu du Bergarak.
Aurten, ez da egitarauan nabarmenduko den musikari puntakorik egongo, baina parte hartuko duten guztiek “sekulako maila, freskotasuna eta sentsibilitatea” daukatela argitu du antolatzaileak. Barikuan, Aitor Aburto klarinete-jotzaileak eta Javier Alciturri pianistak osaturiko bikoteak joko du Eskolondon; zapatuan, Haizea Lorenzo sopranoaren eta Itxaso Sainz de la Maza piano-jotzailearen txanda izango da.
Domekan, aldiz, jaialdiko emanaldi “kuriosoena” egingo dute: Oreka Reed Quintet izeneko boskotea. Aburtok klarineteagaz errepikatuko du, eta aldamenean ondorengoak edukiko ditu: Eduardo Villarroel klarinete baxu-jotzailea, Ignasi Candelas fagot-jotzailea, Raul Perez saxofoi-jotzailea eta Nicolas Cabaleiro oboe-jotzailea.
Astelehenean, Ainhoa Zugaza pianistak hartuko die testigua, eta zikloa martitzeneko emanaldiagaz amaituko dute: Ana Sagastizabal sopranoa eta Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzailea igoko dira oholtzara.
Gaztetasuna, oinarri. Bergarak adierazi du Ean egongo diren musikarien ezaugarri nagusia gaztetasuna eta horrek beregain dakarren freskura dela. “Ideia oso berritzaileak dituzte hainbat esparrutan; esaterako, kontzertua planteatzeko formatu berriak aukeratzen dituzte, anbientazio berezien bila joaten dira, edota publikoagaz hizketaldiak sortzen dituzte, ikusleari kontzertua luze ez egiteko eta, horregaz batera, ikuslea bera ere emanaldiaren parte senti dadin”.
Bestalde, Bergararen asmoa zikloak “gora eta gora” egitea da, eta etorkizunera begira dago jada: “Nire helburua Musikean egonkortzea da, horretarako ari gara lanean antolatzaile eta babesle guztiok; denboragaz, apur bat gorago dauden musikariengana heldu ahal izateko besteko aurrekontua lortu genezaleela uste dut, egun dauden guztiak gutxietsi barik, jakina”.
Horrez gain, Erramun Landa margolari eatarrak egindako kartelari buruz ere mintzo da Bergara. “Beti kolaboratu izan du edozein kultur jarduera antolatu izan denean, eta, oraingo honetan, kartel eder askoa egin du ziklorako”, adierazi du.
EGITARAUA:
- Irailak 23 (barikua): Aitor Aburto (klarinetea) eta Javier Alciturri (pianoa)
- Irailak 24 (zapatua): Haizea Lorenzo (sopranoa) eta Itxaso Sainz de la Maza (pianoa)
- Irailak 25 (domeka): Oreka Reed Quintet: Aitor Aburto (klarinetea), Eduardo Villarroel (klarinete baxua), Ignasi Candelas (fagota), Raul Perez (saxofoia) eta Nicolas Cabaleiro (oboea)
- Irailak 26 (astelehena): Ainhoa Zugaza (pianoa)
- Irailak 27 (martitzena): Ana Sagastizabal (sopranoa) eta Joana Otxoa de Alaiza (pianoa)