Bermeoko EH Bilduk ere "gure nortasuna eta koloreak aldarrikatzeko eta nazio bat garela adierazteko" dei egin du
Gu ere bai plataformak Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko du bihar eguerdian (irailak 22), Bermeon, eta udalerriko EH Bilduko kideek ere “gure nortasuna eta koloreak aldarrikatzeko eta nazio bat garela adierazteko” dei egin diete herritarrei.
Izan ere, Europako Triatloi Txapelketa ari dira lehiatzen irailaren 17tik 24ra Bizkaiko hainbat herritan, eta bihar Bermeon lehiatuko dute etapetako bat. Bermeoko EH Bildukoek salatu dute txapelketako parte hartzaileei “espainiar koloreak janzteko agindua” eman dietela: “Guk gure koloreak defendatzen ditugu, eta parte hartzen duten euskal kirolariek gure koloreak janzteko aukera izan behar dute”.
Gogoratu dute beste alderdi politiko batzuekin batera, hainbat ekitalditan euskal selekzioaren aldeko ekimenak babestu dituztela: “Oraingoan, Bermeoko EAJko udal gobernuak Euskal Herriko koloreak janztea ukatzen duen ekitaldi bat babestu duela salatzen dugu. Ulertezina da euskal selekzioaren aldeko janzkera debekatzea, eta, beste alde batetik, euskal selekzioaren ofizialtasuna defendatzea. Bermeoko alkateak ekitaldi hau tokiko nortasunaren erakusle dela esan du”. Koalizio abertzalekoen ustez, txapelketa ez da bertako nortasunaren erakusle, kirola, gastronomia eta kultura “ez direlako bakarrik nortasunaren erakusleak”.