Aldundiko ordezkariek Urdaibaiko arraunlariak zoriondu dituzte
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Urdaibaiko arraunlariei, teknikariei eta zuzendaritzako kideei harrera egin zien atzo arratsaldean, Foru Jauregian. Amaitu berri duten denboraldian Eusko Label Ligan, Kontxan eta Euskadiko eta Bizkaiko traineru txapelketetan lortutako garaipenak aitortzeko eta horiengatik zoriontzeko ekitaldia izan zen. Txapeldunei “Bizkaiak sentitzen duen harrotasuna” helarazi zien.”Halako taldetzarra aldundian edukitzea kristoren ohorea da”, esan zuen Rementeriak, eta kirol kluben babesleen laguntza ere goraipatu zuen.
Ekitaldian Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Aritz Abaroa Bermeoko alkatea ere egon ziren.