Hamabost udal ikastarotan parte hartzeko aukera dago Muxikan
Irailaren 28ra arte eman daiteke izena Zubieta Errotan edota 'liburutegia.muxika@bizkaia.eus' helbide elektronikora mezua bidalita. Umeentzako Irakurketa kluba antolatu dute aurten, lehenengoz.
2022-2023 ikasturtean egingo dituzten ikastaroen zerrendaren berri eman eta izena emateko epea zabaldu du Muxikako Udalak. Aurten, urrian hasiko dira, eta hamabost ikastarotan parte hartzeko aukera egongo da udalerrian, izan ere, umeentzako Irakurketa kluba antolatu dute aurten, lehenengoz.
Ana Rodriguezen eskutik, umeen artean irakurzaletasuna sortzeko eta liburutegiaren funtsa ezagutarazteko hiru saio egingo dituzte: urriaren 7an, azaroaren 18an eta abenduaren 9an. Zehaztu dutenez, 10 ume onartuko dituzte saioko, eta, horietan egoteko, saioaren eguna baino astebete lehenago eman beharko da izena liburutegian. 7 eta 8 urteko umeak 16:30etik 17:30era bertaratu beharko dira, eta 5 eta 6 urtekoak, berriz, 17:30etik 18:30era artean.
Urritik maiatzera bitartean, ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek: pilates, zumba, yoga, kardio box eta gap; kardio boxeko saioak Ariatzako eskolan emango dituzte, eta, beste guztiak, aldiz, Zubieta Errotan.
Udalerriko nagusientzako Seitai ikastaroa prestatu dute: postura arazoak, arnasketa, zirkulazioa eta likidoen erretentzioa hobetzeko ikastaroa da, eta Ugarte, Ariatza, Ibarruri eta Gorozikako auzo batzarrak egiten dituzten lekuetan egingo dituzte eguaztenetan eta eguenetan. Gainera, erretiratuentzat, mugikor, tablet eta Bakqren erabilera ezagutzeko ikastaroa egingo dute azaroaren 14 ordu eskainiko dituzte, 10:00tik 12:00etara, Zubieta Errotan, doan.
Joskintzan aritzeko aukera ere izango dute muxikarrek, urritik maiatzera bitartean, Ariatzako eskolan.
Umeek pintura eta marrazketa ikastaroan zein ingeleseko eskoletan parte hartu ahalko dute azarotik maiatzaren bitartean, Zubieta Errotan. Ingeleseko eskola batzuk 12 urtera artekoei zuzendutakoak dira, eta zikloka banatuta emango dituzte. Halaber, nagusientzako ingeleseko eskolak eskainiko dituzte.
Ariatzako eskolan, gainera, eskulanak egiteko tailerra ere egongo da aukeran urritik maiatzera bitartean.
Euskarazko klaseak ere antolatu dituzte aurten. Urritik ekainera bitartean arratsaldez eskainiko dituzte Zubieta Errotan; ikastaro hau aurrera eroateko gutxienez sei ikasle beharko dira.
Eta, gainera, musika eskolak ere emango dituzte nagusi zein gazteentzat. Pandero eta trikitixa klaseak barikuan eskainiko dituzte, eta gitarra elektrikoarenak, eguenean.
Irailak 28.
Udalak jakinarazi duenez, irailaren 28ra arteko epea dago izena emateko Zubieta Errotan. Halaber, hurrengo helbide elektronikora idatzita ere izena eman daiteke: liburutegia.muxika@bizkaia.eus.
Taldeak osatzeko gutxieneko kopurua zortzi pertsonakoa izango da, eta gehiengoa 15ekoa. Zehaztu dutenez, Muxika, Gorozika eta Ibarrurin erroldatutakoek izango dute lehentasuna.