Haitz Biribil tontorra ezagutuko dute XII. Forutik Forura martxan
Haitz Biribil mendira igoera izango da domekako XII. Forutik Forura mendi martxaren berritasun nagusia, aurten. Ibilbide laburra eta luzea egongo dira, eta izen ematea zabalik dago oraindik. Momentuz, 60 lagun inguru apuntatu dira.
Domekan XII. Forutik Forura mendi martxa egingo dute. Antolakuntzak bi ibilbide antolatu ditu, mendizaleen profil denetara egokituta: martxa laburra eta luzea. Luzeak 21,5 kilometro edukiko ditu eta laburrak, ostera, 10. Biak ala biak Haitz Biribil elkartearen aurrealdean hasi eta amaituko dira; martxa luzekoak 09:00etan ipiniko dira abian, eta laburrekoak 10:00etan.
Domekarako izen ematea oraindik zabalik dago, etzira arte; eta www.haitzbiribil.com edota www.kirolprobak.com webguneen bitartez egin behar da. Umeek zein nagusiek bost euroko prezio ordaindu beharko dute; egunean bertan izena emanez gero, aldiz, prezioa aldatu egingo da: 14 urtera artekoek bost euro ordaindu beharko dituzte eta nagusiek, berriz, hamar. Gaur-gaurkoz, 60 lagun inguruk izena eman dute, baina antolatzaileek espero dute kopuru horrek gora egingo duela domeka bitartean, eta egunean bertan ere jendea izena ematera animatuko dela.
Berritasun nagusia. Antolakuntza lantaldetik azaldu dutenaren arabera, ibilbide biek hasiera berbera edukiko dute: “Biak mendi ibilbideak izango dira, eta Baldatika aldera igoz hasiko dira; bertan, anoa postua egongo da, eta, jarraian, ibilbide laburrekoak beste bidezidor batetik Forura bueltatuko dira. Luzekoek, ostera, aurtengo berritasun nagusia ezagutu ahalko dute: Haitz Biribil tontorrera igotzea. Handik, Atxondoa ingurura jaitsiko dira, berriro Forura itzultzeko”. Era berean, antolatzaileak oraindik “zalantzan” daude, martxa luzean anoa postu bakarra ala bi postu jartzeko: “Seguru asko, bi egongo dira, baina hori erabakitzeko dago oraindik”.
Parte hartzaileek helmuga lerroa harrapatu bezain laster, musika, jan-edana eta zozketak edukiko dituzte elkarte aurrean. Antolatzaileek “giro atsegina, mendizalea eta herrikoie” nagusituko direla adierazi dute, eta jendeari izena emateko gonbita luzatu diote.